Enpresa

Cebeken ustez «ezinezkoa» da inflazioa soldatetara eramatea

Bizkaiko enpresen %92k ezinbestekoa ikusten dute errenta paktua hitzartzea. BPGaren iragarpena %4,5era apaldu arren, patronalak nabarmendu du Bizkaia lurralde erakargarria dela enpresentzat, eta Zedarriak-en iritzietatik urrundu da.

Carolina Perez Toledo Cebekeko presidentea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko maiatzaren 10a
12:56
Entzun

«Akordioak behar ditugu, eta akordioak nahi ditugu. Gure proposamena akordioak lortzeko izango da». Carolina Perez Toledo Cebek Bizkaiko patronalak nabarmendu du enpresak prest daudela negoziazio kolektiboan «ahalegina» egiteko, baina langileek eta haien ordezkariek ere egin beharko lituzketela. Patronalak nabarmendu du gaur egun 13.000 enpresatako lan hitzarmena negoziatzen ari direla, eta 125.000 langileri eragiten dietela. Akordioak lortu bai, baina nola? Cebekeko inkestaren arabera, lurraldeko enpresen %92k begi onez ikusiko lukete errenta paktu delakoa.

Bizkaiko enpresek, izan ere, «ezinezkoa» ikusten dute inflazioaren eragin guztia soldatetara eramatea. «Igoera horrek etengabeko inflazio bat sortuko luke. Ahalegin bat egin behar dugu guztiok, eta arduraz jokatu». ELA eta LAB sindikatuek esana dute ez dutela onartuko langilerien erosahalmena murriztuko lukeen akordiorik; Cebekek, baina, ez du ate hori itxi nahi: «Lan esparru normalizatu bat behar dugu ziurgabetasun egoera honetarako». Era berean, nabarmendu du Bizkaiko enpresen %80k soldatak igo dituztela 2022an.

Ziurgabetasuna da Cebekek bere urte hasierako balantzean gehien errepikatu duen hitza. Asteazkenean batzar orokorra du, eta haren atarian plazaratu du. Hainbestekoa da ziurgabetasuna, ez baitira ausartu enpleguaren inguruko aurreikuspen bat egiten. Hori bai, aurtengo BPG datuak apaldu egin dituzte. Orain, %4,5ekoa izango dela uste dute, nahiz eta urte hasieran %5,2koa izango zela uste zuten. Arrazoiak jakinak dira: energiaren kostua, lehengaien garestitzea, Ukrainako gerra eta garraiolarien grebaren ondorena. Horiek horrela, enpresen %66k beren produktuak garestitu behar izan dituzte, baina %78,8k ez dute garestitze osoa produktuetara eramango.Hiru enpresatik bik beren errentagarritasuna kaltetua ikusi dute hiru hilabete hauetan.

Egoera zaila dela esan du Cebekek, baina, hala ere, ez du auzitan jarri Bizkaia lurralde erakargarria denik enpresentzat. Hala, Zedarriak lobbyaren jarrera eta iritzietatik urrundu da. Are gehiago, espresuki haren inguruan galdetuta, Perez de Toledok gehitu du beraiek Cebek direla, eta ikuspuntu propioa dutela. Are gehiago, nabarmendu du erakunde publikoen gertutasuna sumatzen dutela enpresek, eta bi direla haien eskaera handiak: batetik, «antolaketa malgutasuna» lantaldeen barruan, eta, bestetik, likidezia bermatua izatea, ICOren edo Elkargiren maileguen bitartez. Alde horretatik, enpresek %35ek zerga ordainketen atzerapen gehiago nahiko lituzkete, %26k mailegu eta berme gehiago, eta %20k kontratazio publiko ugariagoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.