Sektoreak

Makina-erreminta %7-10 haziko da aurten

2021ean %18tik gora hazi zen AFM klusterreko enpresen fakturazioa, 1.571 milioi euroren salmentei esker. Aurten sektoreak lortu egingo du pandemia aurreko fakturazioa gainditzea, besteak beste, eskaera poltsa beteta dagoelako eta Errusia, Ukraina eta Bielorrusiarekin duen harreman komertziala salmenten %2 ingurukoa delako bakarrik.

Danobat enpresaren makinak. BERRIA
xabier martin
2022ko maiatzaren 11
12:48
Entzun

Makina-erremintaren sektorean diharduten enpresak euskal industriaren «oinarria» direla uste du Cesar Garbalena AFM klusterreko presidenteak, «haien ekoizpena hobetzeko, azkartzeko eta eraginkorragoa egiteko lurra» direlako. Bada, makina-erreminta susperraldi nabarmena izaten ari da pandemiak eragin zion zulo handiaren ostean, eta 2021. urteko %18tik gorako hazkundeak segida izango du 2022. urtean, beste %7-10 igoko baita fakturazioa. Hala, pandemia aurreko salmentak gaindituko ditu sektoreak, bi urteren ondoren.

«Industriarik berritzaileena gara, malguena, eta munduko liderrekin batera lehiatzen gara mundu osoan», aldarrikatu du Garbalenak, AFMko kide izatearen harrotasuna azpimarratu nahian; pandemiak eragindako erorikoa latza izan baitzen, eta egoera hori bridatzeak ahalegin handia eskatu die enpresei. Fakturazioa ia %20 amildu zitzaien, eta jaitsiera hori aurreko urtean izandako ia %10ekoari gehitu zitzaion. Iaz, ordea, susperraldia hasi zen, eta %18tik gorako hazkundea lortu zuten batez beste makina-erremintan aritzen diren AFMko 126 kideek.

Goraldi horretan, esportazioek eman diete hauspoa sektoreko euskal enpresei: %23,4 gehitu dira azken urtean. Helmuga nagusiak AEBak, Italia, Alemania, Txina eta Frantzia dira. Barne merkatua esaten dioten horretan (Euskal Herria, Katalunia, Galizia eta Espainia), inbertsioa ahul ibili da berriro, eta %5,2 egin du behera eskaeren jarioak. Batera edo bestera, AFMko enpresen multzoan munduko seigarren ekoizle taldea osatzen dute makina-erremintan.

Irabazi marjinak defendatzea

Xabier Ortueta AFMko zuzendariak ohartarazi du oraindik «partida jokatzen» ari dela, baina 2021ean lortutako eskaera kopurua aintzat hartuta 2019ko fakturazioa gaindituko dela aurten. Aurretik esanda doa: Ukrainako gerrak eragin duen jokaleku berriak ziurgabetasun handiagoa ekarri die enpresei, baina Errusia, Ukraina eta Bielorrusiarekin duten harreman komertziala salmenten %2 ingurukoa baizik ez da. «Beste kontu bat da zer albo ondorio eragiten dituen egoera horrek».

Baina benetako arazoa beste bat da. «Benetako erronka irabazi marjinak defendatzea izango da», esplikatu du Ortuetak. Enpresek prezio jakin batean egin dituzte salmenta kontratuak, eta epe jakin batzuetan eman behar dizkiete bezeroei; orain berriz, lehengaiak, osagaiak, energia kostuak.... dena garestitu da, edo zailtasun handia dago lortzeko. Gerta daiteke, beraz, fakturazioak gora egin arren 2022. urtean, irabazi-marjinak gehiegi estutzea.

Irabazi marjina defendatzeak lotura izango ote du soldata igoerarekin, hain zuzen inflazioa inoiz baino gorago dagoen honetan? AFMko presidenteak eta zuzendariak ukatu egin dute klusterrak soldata igoerei buruzko aholkuak edo erreferentziak ematen dituenik. «Ez dagokigu guri negoziazio horretan aritzea». Edonola ere, Ortuerta sinetsita dago «elkar ulertze bat» egongo dela gehien-gehienetan. Eta gogoratu du 2021eko KPI handiari «erantzun zuzena» eman diotela AFMko enpresek.

Inbertsioa eta digitalizazioa

Garbalena presidenteak azpimarra egin du makina-erremintako enpresek inbertsio handia egiteko duten beharrean. «I+G atalean inbertitu behar dugu geroa bermatzeko. Hori da gure tresnarik hoberena: inbertsioa. Puntako teknologia garatu behar dugu lehiatzen jarraitzeko, makina berdeak egiteko, kontsumo apalekoak, behin eta berriro erabil daitezkeenak».

Sektorean pisu handia duen beste aldagai bat digitalizazioa da. Gero eta makina gehiago egingo dituzte digitalizazio handikoak. Haien bidez bezeroarekin duten harremana «luzatu» egiten da, zerbitzu berriak sortzen direlako.

Langileen trebakuntza ere aipatu dute AFMko gidariek, aldagai estrategiko gisa. «Eboluzioan jarraitu behar dugu gai izan gaitezen badatozen makina berriak garatzeko eta ekoizteko, kalitatez eta muturreko teknologiarekin».

Badator BIEMH azoka

2020an bertan behera gelditu ondoren, makina-erremintaren BIEMH azoka egingo dute ekain honetan. Ekainaren 13tik 17ra Iberiar penintsulako industria azoka handiena egingo dute Barakaldoko BECen. 26 herrialdetako 1.200 enpresa baino gehiagok jarriko dituzte beren azken produktuak, ahalezko bezeroek ikus ditzaten eta harreman komertzial berriak has daitezen. «BECeko sei pabiloiak beteko ditugu», iragarri du Ortuetak, azokaren garrantzia nabarmendu nahian.

Ez da bakarrik makina-erremintaren alorreko enpresen topaketa izango, klusterreko kide baitira fabrikazio aurreratuan sartzen diren beste azpisektore batzuk ere. Esaterako, 3D inprimaketan aritzen direnak ADDIT3D azokan elkartuko dira BECen. Digitalizazioan espezializatutakosk, berriz, BeDigital atalean egongo dira. Edonola ere, parte hartzaile gehienak BIEMH orokorrean egongo dira, makina-erremintari dagokion espaziorik handienean: hamahiru herrialdetako 167 enpresa. Han izango dira, besteak beste, industria robotak, manipulazio sistemak, kontrolerako softwareak eta industria automatizazioak.

AFM jarduera bizian da egunotan, Biurtekoa prestatzeaz gain ostiral honetan Batzar Nagusia izango baitu Donostian, eta presidente berria hautatuko dute han, Cesar Garbalenaren lekukoa hartuko duena. 85 kiderekin hasi zen AFM, eta orain 700 inguru dauzka, makina-erremintatik harago zabaldu baita kluster gisa: kasurako, fabrikazio aurreratuarekin lotutako azpisektoretara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.