Eusko Jaurlaritza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legea tramitatzen hasi da

2007ko legea ordezkatuko du, eta haren helburua izango da administrazio publikoen eta lankidetzako eragileen lankidetza eta elkartasun arloko jarduerak arautzea.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, artxiboko irudian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 11
13:24
Entzun

Administrazio publikoen eta lankidetzako eragileen lankidetza eta elkartasun arloko jarduerak arautzea. Horixe izango du xede Eusko Jaurlaritzaren Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legeak, eta aurrerapauso bat eman berri du: Eusko Jaurlaritza aurreproiektua tramitatzen hasi da. Lege berria 2007ko Garapenerako Lankidetzako Legea ordezkatzeko izango da.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak legearen beharra aipatu du: «Lankidetzarako euskal politikak eredu irekiago baterantz jo behar du, gizarte osoari dei egingo diona eta nazioarteko eremuan gertatzen diren aldaketetara ahalik eta modurik eraginkorrenean egokituko dena». Halaber, iruditzen zaio baliagarria izango dela egungo «erronka globalei» erantzuteko, hala nola «desberdintasunak, fundamentalismoak eta gatazka armatuak areagotzeari; aurrekaririk gabeko osasun krisiari edota klima aldaketari». Horretarako, aurrekontuen % 0,7 lankidetzara eta elkartasunera bideratzeko asmoa dute.

Aplikazioari dagokionez, lege berriak «berrikuntza garrantzitsuak» izango dituela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak, ohar baten bidez. Izan ere, orain arte ez bezala, espero dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio orokorrean, hiru foru aldundietan, tokiko erakundeetan eta unibertsitate publikoan aplikatzea, besteak beste.

Orain, herritarren txanda izango da: sailburuaren onarpen aginduaren ondoren, herritarrek aukera izango dute aurreproiektuari alegazioak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.