Etxegabeak

Erakundeei «estrategia global bat» eskatu diete etxegabeen arazoari aurre egiteko

Gizarte bazterkeria «egiturazko fenomeno geroz eta handiagoa» dela salatu dute Beste BI plataformako kideek. Joan den astean Bilbon hildako etxegabea omendu dute.

BesteBi plataformako kideak, gaur goizean, Bilbon egindako prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko maiatzaren 11
13:26
Entzun

Joan den astean Bilboko Casilda Iturrizar parkean hilda agertu zen etxegabea omendu du gaur goizean Beste BI plataformak, Bilbon. Haren heriotzak «ispiluan zintzo begiratzeko» aukera eman diela adierazi dute prentsaurrekoan, eta minutu bateko isilunearekin omendu dute. Haien arabera, urtez urte goraka egiten ari da etxegabe kopurua, eta administrazioan jarri dute arreta: «Gizarte zerbitzuen zorroa berriz ere garatu behar da, eta, horrez gainera, etxegabetasuna desagerrarazteko estrategia global bat garatu behar da».

2020ko martxoan egin zen etxegabeen azken zenbaketa, eta, haren arabera, 2.797 pertsona daude egun etxerik gabe Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Gizarte bazterkeria egiturazko fenomeno gero eta handiagoa da Euskadin», salatu dute Beste BI plataformako kideek. Era berean, euskal gizarteari eskatu die etxerik gabekoenganako begirada zabaltzeko, «pertsona horiek ikusezin bihur ez daitezen».

15 urteko ibilbidea

Duela hamabost urte sortu zen Beste BI plataforma, ordura arte ikusezinak ziren etxegabeak ikusarazteko eta haiei laguntzeko. 22 eragilek osatzen dute, eta etxegabeen egoerari aurre egiteko baliabideak falta direla uste dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.