TXIRRINDULARITZA

Arnaud Demarek irabazi du Italiako Giroko bosgarren etapa

Txirrindulari frantziarra atzean geratu da etapako mendate bakarrean, baina haren taldeak tropel nagusira eraman du berriro, eta hura izan da azkarrena esprintean. Juanpe Lopezek lidergoari eutsi dio

Arnaud Demare, garaipena ospatzen, gaur, Messinan. GIRO DE ITALIA
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 11
16:21
Entzun

Atzetik aurrera eginda irabazi du Arnaud Demarek (Groupama) Italiako Giroko bosgarren etapa, Catanian hasi eta Messinan amaitu dena. Atzetik aurrera, txirrindulari frantziarra atzean geratu baita etapako mendate bakarrean, Portella Mandrazzi bigarren mailako gainean. Alpecin taldeak erritmo bizia jarri du, Mathieu van der Poel aurkaririk gabe geratzeko. Helburua lortu du, atzean geratu baitira Mark Cavendish (Quick Step), Caleb Ewan (Lotto Soudal) eta Demare, besteak beste. Ia ehun kilometro falta ziren helmugarako.

Baina frantziarrak lortu du berriro tropel nagusiarekin bat egitea, helmugarako 60 kilometro falta zirela. Sekulako lana egin du haren taldeak, eta Demarek ezin hobeto eskertu die ahalegina, esprintean azkarrena izanda. Fernando Gaviria (UAE) eta Giacomo Nizzolo (Israel) sailkatu dira haren atzetik.

Gaur irabazita, Demarek denboraldiko lehen garaipena lortu du. Seigarrena du Giroan. Parte hartu duen azken hiru aldietan lortu ditu guztiak: duela bi urte, lau etapa irabazi zituen, baita erregulartasunaren sailkapena ere; duela hiru urte, berriz, etapa bat irabazi zuen, eta bigarren izan zen erregulartasunaren sailkapenean. Bihar beste aukera bat izango du haren garaipen zerrenda handituz joateko, etapa laua baita Palmi eta Scalea artekoa.

Sailkapen nagusian, ez da izan aldaketa aipagarririk, eta Juanpe Lopezek (Trek) eusten dio lehen postuari. 39 segundo ateratzen dizkio Lennard Kamnari (Bora), eta 58 Rein Taaramaeri (Intermarche). Pello Bilbao (Bahrain) da lehen euskal herritarra, zortzigarren postuan, bi minutura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.