Futbola

Joko garbia Sanpedrotarrak-en eta Tolosaren arteko partidan: gol bat nahita sartu dute euren atean

Sanpedrotarrak taldeko jokalariek hartu zuten erabaki hori. Aurretik, Tolosak baloia kanpora bota zuen aurkari batek min hartu zuelako, eta nahi gabe gola sartu zion Sanpedrotarrak. Tolosako taldeak txalotu egin du «kirol legez betetako istorio» hori.

Sanpedrotarrak taldeko jokalariak, euren atean gola nahita sartu zuten unean. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 11
16:38
Entzun

Sarritan, harrobiko kirola gertakari tamalgarriengatik izan ohi da albiste, baina badaude aurkakoa erakusten duten adibideak ere. Hori nabarmendu nahi izan du Tolosa CF klubeko futbol atalak: «Aurten, Gipuzkoako Futbol Federazioak ohar berezi bat bidali zigun klub guztiei hainbat partidatan sortu diren liskarrengatik, baina badaude kirol legez beteriko istorio asko ere».

Horietako baten berri eman du taldeak. Asteburuan gertatu zen, Gazteen Lehen Mailako Tolosaren eta Sanpedrotarrak-en arteko neurketan. Han, Sanpedrotarrak taldeko jokalari batek min hartu zuen, eta, normalean egin ohi den moduan, baloia kanpora bota zuten Tolosako jokalariek, epaileak partida geratu eta arduradunek min hartutako jokalaria artatu zezaten.

Horren ondoren gertatu zen bitxikeria: baloia itzultzeko asmotan, Sanpedrotarrak-eko jokalari batek Tolosako atezainari jaurti zion baloia zelai erditik. Atezainak, ordea, huts egin zuen baloia kontrolatzean, eta sarean amaitu zuen baloiak.

Egoera horretan, Pasaiako taldeko jokalariek euren atean gola nahita sartzea erabaki zuten, harmailetan zeuden zaleen txaloen artean. Tolosak bi taldeetako jokalariak zoriondu ditu, «kirol legearen adibide zoragarria emateagatik».

Neurketa, azkenean, 2-2 amaitu zen. Igoera fasea jokatzen ari dira bi taldeak; bigarren sailkatua zen bat, eta hirugarrena bestea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.