Lan istripua

Langile bat hil da Etxabarriko Pepsicon, bihotzekoak jota

LAB sindikatuak salatu du «lan kargak eta erritmo gogorrak» badutela zerikusia heriotzarekin.

Lan tripuen aurkako elkarretaratze bat. IÑIGO URIZ / FOKU
xabier martin
2022ko maiatzaren 11
18:14
Entzun

Beste lan istripu hilgarri bat gertatu da maiatz beltz honetan, kontuan hartzen badira azken egunotan jazotakoak. Etxabarriko (Araba) Pepsicoren enpresan bihotzekoa izan du behargin batek bere lanpostuan zela, eta zendu egin da. LABen arabera, aurten Euskal Herrian beharrean hildako 26. pertsona da; zehazki zazpigarrena da lan istripu hilgarri ez-traumatikoei dagokienez. «Gure elkartasuna eta samina adierazi nahi diegu senide, lagun eta lankideei», esan du sindikatu abertzaleak ohar baten bidez.

Pepsico enpresako langilea zen hildakoa, eta «lan karga handiak eta erritmo gogorrak salatzen dituzte bertako langileek», sindikatuaren arabera. «Ez da harritzekoa, hortaz, laneko arrisku faktoreak direla medio, arazo kardiobaskularrak areagotzea eta bizi kalitatean eragina izatea. Oraingoan, heriotzaraino».

LABek dio «egungo sistema neoliberalean» lan karga eta presio handiak laneko arrisku faktore nabarmen bilakatu direla. «2022an zazpi heriotza ez-traumatiko egon dira lanpostuetan, bihotzeko arazoak eragiten dituzten lanak tarteko». Eta galderak baditu sindikatuak: «Nola erantzuten du patronalak? Identifikatuta al dago arrisku hau prebentzio txostenetan? Horrela bada, aplikatzen al dira neurri prebentiboak? Tamalez, badakigu erantzuna».

Eusko Jaurlaritzak hori ikusita zer eginkizun duen jakin nahi du LABek. Lan osasunaren arloan ia eskumen guztiak ditu Gasteizko gobernuak, eta galdetzen du ea egokitu ote dituen Osalanen eta ikuskaritzaren lana arrisku faktore horretara. «Urkullu jauna patronalaren eskutik absentismoaren aurka ateratzen ikusi dugu berriki; noiz aterako da laneko erailketen aurka?».

LABen ustez, ez da «kasualitatea edo zorte txarra» hainbeste lan istripu egotea bihotzeko arazoekin lotuak. Aurki Pepsicoko lan batzordeak antolatuko dituen mobilizazioetan parte hartzera deitu du sindikatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.