Zinema

Donostiako Zinemaldiak ikusleak omenduko ditu 'Imajinatu Zinemaldia' erakusketan

Tabakalerako zenbait gunetan jarriko dute erakusketa, uztailaren 4tik irailaren 24ra. Herritarrei eskatu diete Zinemaldian ateratako argazkiak bidaltzeko, instalazio batean ipintzeko.

Rebordinos, Goia, Olano, Ormazabal, Lasarte eta Rodriguez, 'Imajinatu Zinemaldia' erakusketaren aurkezpenean, gaur, Tabakaleran. ANDONI CANELLADA / FOKU
Andoni Imaz.
2022ko maiatzaren 12a
13:35
Entzun

Donostiako Zinemaldiak aurten 70 urte beteko dituela eta, erakusketa bat antolatu dute, Tabakalerarekin elkarlanean. Imajinatu Zinemaldia izango du izena, eta Morgancrea estudioa ariko da komisario lanean. Horiek adierazi dute jaialdiko «ekosistemari» omenaldi bat egingo dietela erakusketaren bidez: ikusleei batez ere, baina baita industriari, hedabideei eta hiriari berari ere. Ikus-entzunezko instalazio batzuek osatuko dute erakusketa. Uztailaren 4tik irailaren 24ra egongo da zabalik, aurtengo Zinemaldiaren azken egunera arte.

Erakusketaren aurkezpenean izan dira Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, Eneko Goia Donostiako alkatea, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria, eta Asun Lasarte eta Carlos Rodriguez Morgancrea estudioko kideak.

Erakundeetako ordezkariak Donostiako Zinemaldiaren urteurrena ospatzeko gogoz agertu dira. «Euskadiko kultur ekitaldirik garrantzitsuena da, erreferentzialtasunari eta nazioarteko eraginari dagokienez», esan du Olanok. Goiak eta biek uste dute, COVID-19ak eragindako krisitik aterata, urteurrena baliatu behar dela jaialdia eta zinemaren industria bultzatzeko; «orain da momentua». Bi erakundeak erakusketaren laguntzaileak dira.

Ormazabalek esan duenez, ez da «ohiko» erakusketa bat izango: ikusleek, ikus-entzunezko instalazioen bitartez, ibilbide bat egingo dute Tabakalerako gune nagusietan barrena, «norberak irudikatzen duen Zinemaldia» ezagutzeko.

Izan ere, normalean fokuen argietatik kanpo geratzen diren eragileei omenaldi bat egin nahi diete komisarioek. Rodriguezek azaldu duenez, jaialdiak 70 urtean izan dituen antolatzaileak izango dira horietako batzuk: «Belaunaldiz belaunaldi, asmatu dute aldaketak egiten, sail berriak irudikatzen, ikusleak jaialdian inplikatzen, eta, azkenean, hori zinemaldiaren marka bihurtu da».

Hedabideek ere leku berezia izango dute erakusketan. «Gertakizun gutxik izan dute Zinemaldiak besteko kobertura mediatikoa». Kamerek jasotako irudi bereziak erakutsiko dituzte: «Ez da soilik ikusiko Bette Davis erretzen; entzun ere egingo da. Entzungo Fritz Lang elkarrizketa batean, Nicholas Ray hamasei milimetroko kamerarekin hondartzan filmatzen, eta entzungo Michael Fassbender belodromoan Sinatra kantatzen. Momentu hunkigarriak izango dira; malkoren bat ere aterako dute».

Ikusleen argazkiak

Erakusketa «irekia» izango da, «adituentzako eta ez-adituentzako» modukoa. Bi helburu nagusi izan dituzte, Lasarteren hitzetan: bisitariek Zinemaldiaren historiari buruzko gauzak ikastea, baina hori modu dibertigarri batean egitea, ospakizun giroan. «Argazkiak ezagunagoak dira, baina horren ezagunak ez diren bideo asko daude, benetako altxorrak direnak».

Instalazio bat ikusleek bidalitako argazkiekin osatuko dute. Horretarako, urteren batean Zinemaldian ateratako argazkiak bidaltzeko eskatu diete: «Photocall-ean, alfonbra gorrian, hoteleko sarreran, Parte Zaharrean, jende ezagunarekin...». Argazkiak igotzeko atal bat jarri dute Zinemaldiaren webgunean. Gainera, bidaltzen dituzten lehenengo 500 lagunei bi lagunentzako sarrerak emango dizkiete.

Rebordinosek azaldu duenez, urteurrenaren ospakizunak hiru lerro izango ditu: batetik, ohi baino Donostia sari gehiago emango dituzte; bestetik, Imajinatu Zinemaldia erakusketa zabalduko dute; eta, azkenik, Zinemaldiaren artxiboa herritarren esku jarriko dute, webgunearen bidez. Orain dela lau urte hasi ziren artxiboa irekitzen, katalogatzen, berritzen eta digitalizatzen, eta horren zati bat erakutsiko dute; urte batzuk beharko dituzte dena argitaratzeko. «Material interesgarri asko dago», Zinemaldiaren zuzendariak esan duenez. Hemendik aurrera, artxibo fisikoa Euskadiko Filmategian egongo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.