Reala 3-0 Cadiz

Realak ziurtatu du datorren sasoian Europan jokatuko duela, Cadizi irabazita

Txuri-urdinak nagusitasunez gailendu dira Anoetan. Sorlothek, Januzajek eta Portuk egin dituzte golak. Donostiarren garaipenak mesede egin dio Alavesi; gaur-gaurkoz, bizirik segitzen du.

Portu, penaltia jaurtitzen. Aurrelariak egin du Realaren hirugarren gola. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko maiatzaren 12a
21:27
Entzun

Reala Europan ariko da, hirugarren urtez segidan. Cadizi irabazita ziurtatu du hori. Horixe zuen gaurko egitekoa, eta aise lortu du. Estutasunik gabe gailendu da Anoetan, eta urratsa egin du.  Orain, txapelketaren izena jakitea falta zaio: Europa liga, edo Konferentzia liga. Lehendabizikoa izatea nahi dute; igandean erdietsi dezake hori, Vila-real aurkari zuzenaren etxean. 

Imanol Alguacil entrenatzaileak zera esan zuen Cadizen aurka jokatu bezperan: «Partidaz partida egin behar dugu lan». Esan eta egin. Txuri-urdinak gogotik aritu dira garaipena lotzeko. David Silvaren gidaritzapean egin ere. Hura izan da neurketako onena.

Reala luze gabe aurreratu da markagailuan. Alexander Sorlothek egin estreinako du gola, 19. minutuan. Ordura arteko arriskuko jokaldietan nola, Silvak sortu du horretarako aukera. Lerro arteko pasea eman dio Sorlothi, eta norvegiarrak, indarrez, sareetara jaurti du baloia. Maila handiko erremate bat eginda aurreratu du Reala.

Hortik aurrera ere, erasoan aritu dira donostiarrak. Ordea, Cadiz eraisteko bigarren gola falta izan zaie. Azkenaldiko joera nagusitu da lehen zatian; abaguneak izan bai, baina haiek probestu ezin.

Harik eta espainiarrek kontraerasora egin eta gola lortu duten arte. Oussama Idrissik jaurtiketa bikain batekin sareratu du baloia, baina epaileak ezerezean utzi du jokaldia, Tomas Alarconen jokoz kanpokoa adierazita. Hegalekoak eman dio goleko pasea.

Markagailuak bere horretan segi duen arren, jokaldi hori pizgarria izan da Cadizentzat. Ordutik eta atsedenaldira artean, Sergio Gonzalezen taldeak aurrerako urratsa egin du, eta estu hartu du Reala. Dena den, golik egin ez, eta txuri-urdinak abantailarekin joan dira atsedenaldira.

Bigarren zatian, eroso

Atsedenalditik itzuli orduko, Cadiz hasi da ondoen, baina Realak berehalakoan eten du haien erasorako grina. Silvak, beste behin, etxekoen jokoa antolatzeko modua egin du. Nahieran aritu da; oraintxe lerro artean, oraintxe baloia gatibu hartuta. Hala, kontrarioaren arearaino egin du baloia oinetan zuela. Alarconek falta egin dio area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du.

Adnan Januzajek ez du hutsik egin. Jeremias Ledesma atezaina engainatu, eta txuri-urdinen bigarren gola egin du. 53. minutuan izan da, eta ordurako, partida lotu samarra zuen Realak.

Azken ordu erdia emaitza kudeatzen igaro dute Imanolek eta haren jokalariek. Teknikariak zenbait aldaketa egin ditu. Esaterako, Ion Guridi zelairatu du hiru puntuak lotzeko, eta Cristian Portu, berriz, erasoari bizitasuna gehitzeko.

Hortik ailegatu da hirugarren gola ere. Silvak enegarrenez jokaldi bat abiatu du, eta  Portuk berak jaso du baloia, eskuin hegalean. Azti ibili da espainiarra, jokoz kanpokoan ez jausteko. Lortuta, zuzenean egin du Cadizen atera. Penaltia egin diote, norgehiagokako bigarrena, eta Portuk berak jaurti du, gola eginez. Futbolari txuri-urdinak bazuen horren beharra.

Azkenerako, Reala nagusitu da zelaian eta markagailuan. Irabazita, Europa ziurtatu du eta Alavesi esku bat bota dio. Gasteizko taldeak bizirik segitzen du gaur-gaurkoz. Izan ere, Cadizen garaipen batek bigarren mailara jaitsiko luke matematikoki.

Alex Sola, 2026ra arte

Realak partidaren atarian egin du jakinarazpena: Alex Solak 2026ra arte berritu du klub txuri-urdinarekin. Halaber, lehen taldeko fitxa edukiko du datorren sasoitik aurrera. Harrobiko jokalariak 2019an egin zuen debuta talde nagusiarekin, eta ordutik lau aldiz aritu da Imanolen aginduetara; haietatik bi, sasoi honetan. Solak belauneko meniskoko eta aurreko lotailu gurutzatuko haustura bana izan du azken urte eta erdian. Eskuin nahiz ezker hegalean joka dezake, atzelari gisa, gehienbat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.