Literatura

Maiatzaren 27tik 29ra egingo da Literaturia, Zarautzen

Liburu azokarekin, liburu aurkezpenekin eta askotariko emanaldiekin osatu dute egitaraua. ‘Piztia’ izango da aurtengo jaialdiaren gaia.

Joan den urtean irailean egin zuten Literaturia. JON URBE / FOKU
aitor biain
2022ko maiatzaren 13a
12:02
Entzun

Udaberrira itzuliko da Literaturia. Koronabirusaren ondorioz, udazkenean egin dituzte azken bi urteetako saioak, baina ohiko urtaroan egingo dute aurten jaialdia: hilaren 27tik 29ra egingo dute, Zarautzen (Gipuzkoa), Aurkitzeko, baretzeko, pizteko lelopean. Hiru egunez, idazleak, argitaletxeak eta irakurleak elkartuko dira herriko zenbait gunetan. Ohi bezala, askotariko errezital, solasaldi eta aurkezpenez osatu dute egitaraua, baina literaturatik haragoko kultur emanaldiak ere izango dira. Piztia gaiak lotuko ditu guztiak.

Ana Malagonek emango dio hasiera programari, jaialdirako espresuki prestatutako manifestua irakurrita. Modelo aretoan izango da hasiera ekitaldia, eta, jarraian, Istanbul ikuskizun literario-musikala aurkeztuko dute. Migrazioen inguruko begirada «tragikomikoa» ematen du obrak. Lutxo Egiak idatzi du testua, eta Unai Pelayo Pelax-ek sortu du musika. Haiekin batera, Oier Guillan, Telmo Trenor eta Elena Ramirez­ oholtza gainean izango dira.

Literatura da Literaturiaren ardatza, baina lekua egin izan die beste kultur adierazpenetako emanaldiei ere, eta aurtengo jaialdia ez da salbuespena izango. Frankenstein agurgarria gutun musikatua eskainiko dute Pettik eta Ana Galarragak, eta rr #5 marrak izeneko ikuskizuna Maialen Lujanbiok. Odei Barrosoren kontzertua ere izango da larunbat iluntzean. Iñaki Martiarena Mattin-ek, berriz, haurrentzako sormen tailer bat emango du, argitaratu berri duen Kamishibaizalea komikia oinarri hartuta.

Bi mahai inguru ere antolatu dituzte. Batetik, literatura hezkuntzaren esparruan sustatzeari buruz jardungo dute ikasle, irakasle eta eragileek: Imanol Epelde, Intza Alkain, Uxue Ostolaza eta Nerea Lasa izango dira hizlariak. Bestetik, literatura unibertsalaren iraganaz eta etorkizunaz gogoetatuko dute Manu Lopez Gasenik, Angel Errok eta Irati Jimenezek. Elkarrizketa baten soinua eta notak izenburuko saioan, Arantxa Iturbe, Eider Rodriguez eta Miren Narbaiza arituko dira solasean.

Liburu azoka «indartsua»
Liburu azoka izango da jaialdiaren arreta gune nagusietako bat aurten ere. Lege Zaharraren plazan jarriko dituzte argitaletxe eta liburu dendek erakusmahaiak. Hain zuzen, antolatzaileek aurreratu dute azoka «indartsua» izango dela, «azken urteetan baino argitaletxe gehiagok» adierazi baitute bertaratzeko asmoa.

Liburu aurkezpenak ere egingo dira azokaren bueltan, Ahotsenearekin elkarlanean. Beraz, saltokia izateaz gain, hedatzeko gunea ere izango da plaza beste behin. Azokan bertan eta Garoa liburu dendan izango dira aurkezpenak.

Antolatzaileek Itxaropena argitaletxe eta inprimategia omenduko dute, azokaren hasiera ekitaldian. Zarautzen sortu zen, 1932an, eta diktadura garaian euskarazko hainbat liburu argitaratu zituen, zentsurari aurre eginez. Gerraosteko euskal liburugintzaren oinarriak jarri zituzten argitaletxeetako bat ere izan zen, antolatzaileek nabarmendu dutenez, bereziki Kulixka bildumaren bitartez. Olerkia, nobela, saiakera, antzerkia, bertsolaritza: askotariko lanak bildu zituen liburu sorta hark. Horien artean daude, besteak beste, Jon Etxaideren, Salbatore Mitxelenaren, Txomin Agirreren eta Xabier Lizardiren lanak. Nazioarteko idazleen itzulpenak ere bildu zituen, Camilo Jose Celaren eta Ernest Hemingwayren lanenak, esate baterako.

BERRIA, hedabide laguntzailea
Bederatzigarrenez hartuko du Literaturia Zarautzek, eta «euskal letren plaza» bihurtuko dute herria beste urte batez, antolatzaileek esan dutenez. Jaialdiak herriari egiten dion ekarpena nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak: «Literaturiak euskal literaturaren topagune bilakatzen du Zarautz asteburu batez».

Ainara Lasa BERRIAko ordezkaria ere izan da aurkezpen ekitaldian. Izan ere, BERRIA jaialdiaren hedabide babeslea izango da aurten ere. Lasaren hitzetan, euskarazko literaturari ikusgaitasuna emateko «konpromisoa» dauka egunkariak, eta, beraz, lankidetza «naturala» da. Baina zera azpimarratu du: «Naturala izanagatik, ezinbestekoa da euskarazko kultur ekosistema osatzen dugun eragileok lankidetzaren bidea sakontzea, nor bere eginkizunetik, eraginkorragoak izan gaitezen kolektiboki».

Ekitaldietarako sarrerak jaialdiaren webgunean jarriko dituzte salgai: www.literaturia.eus

EGITARAUA

Larunbatean eta igandean, liburu azoka eta haurrentzako jarduerak izango dira Musika plazan, eta liburu aurkezpenak Garoa liburu dendan. Emanaldien artean, hauek dira nagusiak:

Maiatzak 27, ostirala
20:00. Ana Malagonen manifestuaren irakurketa, Modelo aretoan.
20:15. Istanbul ikuskizun literario-musikala, Modelo aretoan.

Maiatzak 28, larunbata
11:00. Komiki tailerra Iñaki Martiarena Mattin-ekin. Etxezabalan.
12:30. Berrabiaraziko dugu literatura eskolan? mahai ingurua, Modelo aretoan. Gonbidatuak: Imanol Epelde, Intza Alkain, Uxue Ostolaza eta Nerea Lasa.
18:00. Frankenstein agurgarria gutun musikatua, Petti eta Ana Galarragarekin, Modelo aretoan.
22:00. Kontzertua, Lege Zaharren plazan: Ødei.

Maiatzak 29, igandea
11:30. Literatura unibertsala. Ibilitakotik ibiltzekora mahai ingurua, Modelo aretoan. Gonbidatuak: Manu Lopez Gaseni, Angel Erro eta Irati Jimenez.
12:30. rr #5 marrak Maialen Lujanbioren ikuskizuna. Merkatu plazako goiko solairuan.
17:00. Elkarrizketa baten soinua eta notak. Arantxa Iturbe, Eider Rodriguez eta Miren Narbaiza. Modelo aretoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.