Abortuaren legea

Hilekoaren ondoriozko bajak iritzi kontrajarriak eragin ditu sindikatuen artean

CCOOren arabera, proposamena «aurrerapauso» bat da; UGTrentzat, ordea, emakumeak «estigmatizatu ditzakeen neurri desegokia».

Konpresak eta tanpoiak. BERRIA
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 13a
13:45
Entzun

Espainiako Gobernuaren abortuaren lege berriaren zirriborroa asteartean eramango dute Ministroen Kontseilura. Bertan proposatzen diren gaien artean, bada zeresana eman duen aldaketa bat; hileko mingarria duten emakumeek hiru eguneko bajarako eskubidea izatea, hain zuzen.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako CCOOren arabera, hileko mingarria duten emakumeek hiru eguneko gaixo baimena hartu ahal izatea «legegintza aurrerapen bat» da orain arte «erabat alde batera utzitako» osasun arazo bati erantzuteko. Estibaliz Montero sindikatuko emakumeen idazkariak adierazi duenez, neurriak langile klaseari eta «batez ere emakume langileei» egiten die mesede. Horrekin batera, nabarmendu du hileko «oso mingarriak eta ezgaitzaileak» dituzten emakume askoren beharrei erantzuten diela.

Monterok aldaketa «aurrerapausotzat eta emakume askok pairatzen duten gaixotasun baten aitorpentzat» hartzen duen arren, sindikatuak «adi» egon beharko duela adierazi du, «beste desberdinkeriarik sor ez dadin». Izan ere, idazkariaren arabera, enpresetan emakume izateagatik desberdinkeriak sortzen dira.

UGTrentzat, neurri «desegokia»

Raul Arza Araba, Bizkai eta Gipuzkoako UGTko idazkari nagusiakRadio Vitorian adierazi duenez, ordea, planteatzen den aldaketa «emakumeak estigmatizatu ditzakeen neurri desegokia» da. Horrekin batera, nabarmendu du gaitz bat bada «egoera berean dagoen edozein langilek bezala» baja hartu behar dela.

Lanera ez joateari dagokionez, Arzak adierazi du baja baten atzean «beti» dagoela mediku baten ziurtagiria, eta, patronalaren jarrerak ikusita, «errugabetasun presuntzioa» eskatu du baja eskatzen duten langileentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.