Albistea entzun

Literatura

Anjel Lertxundik 'Desertuan behatxuloa' saiakera argitaratu du

Pentsamenduari, literaturari, idazkuntzari, gizarte gaiei eta, batez ere, giza jokaerari buruzko testu laburrekin osatu du idazleak liburuko kontakizuna, eta pintzelkada txiki horiekin irudikatu du bere barne paisaia.

Anjel Lertxundi idazlea, gaur goizean, Donostian.
Anjel Lertxundi idazlea, gaur goizean, Donostian. Jon Urbe / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2022ko maiatzak 13 19:17

«Desertuaren erdian/ ate sendo bat maratila eta guzti./ Atearen goiko aldean,/ nire begien parean,/ behatxulo bat». Anjel Lertxundi idazleak (Orio, Gipuzkoa, 1948) zulo horretatik begiratu dio munduari, «modu familiar batean», eta ikusitakoa nahasi du bere baitako pentsamendu eta sentimendu askotarikoekin, idazleek habitatu ohi duten bakardadearen basamortuan. Horrela ondu du Desertuan behatxuloa, testu laburrak teselatzat hartuta osatutako mosaiko baten gisan, haren hitzetan. Alberdania etxeak argitaratu du.

Gaur, liburuaren aurkezpenean izan da Jorge Gimenez, Alberdaniako editorea, nahiz eta liburua idazteko prozesuan Lertxundik beste bidelagun bat izan duen oraingo honetan: Juan Kruz Igerabide idazlea. Edizio lana «barruak arakatzea» izan da harentzat. Gozatu egin du, eta idazlea eta biak gustura agertu dira egindako bidearekin, baita argitaratzailea ere. Gimenezek esan du hemendik aurrera lan molde hori erabiliko dutela aldian behin.

«Bertigo pixka bat ematen du Andurekin tren batera igotzeak», kontatu du Igerabidek. «Behin barrura sartuta, goxo-goxo hartua sentitu naiz. Hori bai, trena martxan doa. Edizio lanean zaudenean, etengabe hartuko dituzu sorpresak, eta ikusiko duzu nola idazlearen prozesuan aldatuz doazen testuak».

Gimenezek eta Igerabidek, biek nabarmendu dute Lertxundiren liburu berria «gertukoa» dela. «Lehendabiziko aldiz jarri da bera hain agerian liburu batean», esan du batak. «Etxera gonbidatzen gaitu, bere liburutegira, baita bere logelara ere», besteak. «Ez ditu bere ezinak batere ezkutatzen. Ezin horietatik liburuak eta bere bizitzako esperientziak lotzen ditu etengabe». Igerabidek uste du literaturak idazleari arnasa eman diola bizitzako une askotan, eta berak horixe egin duela orain liburuarekin: «Bihotzez irakurtzen bada, bati arnasa zabaltzen zaio».

Orri pasan, berehala ageri dira pentsamenduaren eta literaturaren klasikoak, idazkuntza, historia, erlijioa, politika, pandemia... «Gogoetaz beteta dago, baina ikusten da ez dela elukubrazioa. Pentsamendua benetakoa bihurtzen du, bizitzan zeharo txertatua dago», Igerabideren esanetan. Lertxundik eguneroko bizitzako ekintza xumeez ere idatzi du, eta une horiek iruditu zaizkio hunkigarrienak editoreari.

Egileak hiru atal nagusitan banatu du liburua: Desertuan behatxuloa, Ongi etorria eta agurra leiho beretik eta Axola zaigun guztia ez da guztia dute izena. Gainera, Post scriptum bat erantsi du amaieran, liburua entregatu zuen gariari buruzko gogoetekin, Errusiak Ukraina inbaditu berritan. «Pandemiak sentsazio desatsegin asko eragin zidan —tristura, isolamendua, zaurgarritasuna...—, baina angustiarik ez. Gerrak, aldiz, hasierako momentutik», idatzi du.
Puskaka egindako liburu bat da, testu laburrez osatua, baina «osotasun egarria» antzematen dio Igerabidek, «arkitektura bat». Lertxundiren ardura nagusietako bat izan da, hain zuzen, liburuaren forma: «Idazteak adinako nekea eman dit testuak hari ikusezin batekin organizatzeak. Ahalegindu naiz kapitulu bakoitza behintzat osotasun batean irakur dadin».

Mundua idazlearen pare

Pandemia ageri da liburuan, hari bat bezala, Lertxundiren hitzetan, askotariko pentsamenduen artean katigatu baititu hari buruzko pasarteak. Pandemia aurretik dagoeneko hasia zen liburua idazten, baina azken bi urteetan bizitakoak bere isla izan du testuan. «Ni lehen askotan bildu eta konfinatu naiz idazteko garaian, eta eszena harrigarria da idazle batentzat ni hainbestetan egon naizen egoera berean egotea gizarte osoa», kontatu du. «Konfinatuta, eta, gainera, nire lana egiten: munduaz pentsatzen, bizitzaz pentsatzen, mundua ulertu nahian».

Pentsamendua munduko gertakariekin nahastuta, egoera askoren izaera ziklikoaz ohartu da idazlea: «Humanitatean badago konstante bat gorabehera batzuekin errepikatzen dena. Gizartearen portaerak berdintsuak dira orain dela sei mende eta gaur. Jendea oso solidarioa da, eta, era berean, modu erabat gizatasunik gabean aberasten eta baliatzen da».

Mundu gor bat ikusten du Lertxundik, besteari entzun nahi ez dion gizarte bat. «Politikan, egunero entzuten dugu elkarri entzun nahi ez diotenen jardun alferrikako bat. Ez dute nahi hain inportantea den hitzaren bidez enkontru batera edo puntu bateratu batera iristea, eta, gainera, hitza baliatzen dute justu hori gerta ez dadin».

Igerabidek esan du liburuak tonu gogorra duela, oro har, gizartearekiko, eta Lertxundik ere halaxe hitz egin du aurkezpenean, besteak beste, erlijioak gaur egun ere daukan botereari buruz aritzean. Arbuiatu du Elizak, eliztarrei ez ezik, gizarte osoari ere ezartzen dion zama, baita gizarte eta osasun gaietan egiten duen presioa ere; abortuaren eta eutanasiaren inguruan, besteak beste. «Francoren meriturik handiena izan zen milioika Franco txiki utzi zituela. Horiek ez dira desagertu. Isilik zeuden, baina bizirik».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hertzainak taldeak joan den asten aurkeztu zituen amaierako kontzertuak. ©Monika del Valle / Foku

Hertzainak-ek beste kontzertu bat emango du BECen, abenduaren 17an

Mikel Lizarralde

Abenduaren 16ko emanaldirako sarrera guztiak amaitu dira dagoeneko.

Ander Lipus eta Manex Fuchs aktore lanetan <em>Hondamendia</em> obran. Harkaitz Canok du idatzi eta Ximun Fuchsek zuzendu. ©GUILLAUME FAUVEAU

Hondamendien gailurra

Ainize Madariaga

Axut eta Artedrama konpainien 'Hondamendia' obrak pandemia eta Zaldibarko zabortegiaren drama ditu mintzagai. Historiatik istorioa idatzi du Harkaitz Canok, eta Ximun Fuchsek du zuzendu

Aitziber Atorrasagasti, Edurne Ormazabal eta Ibon Salvador, jardunaldiak aurkezten, Tabakaleran. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Zazpi sorkuntza prozesu erakutsiko dituzte Dantzan Bilaka topaketetan

Ainhoa Sarasola

Donostiako Tabakalera zentroak hartuko ditu 16. jardunaldiak, hilaren 7an, 8an eta 9an. Pieza koreografikoak ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek, baita gorputzari eta atsedenari lotutako tailer batean parte hartzekoa ere

 ©ANDER SAGASTIBERRI / ANDER SAGASTIBERRI

Balerdiren lagunen etsipena

Iñigo Astiz

Rafael Ruiz Balerdi artistak 1980. eta 1985. urteen artean sortutako paper gaineko 11 margolan jarri ditu ikusgai Bilboko Carreras Mugica galeriak. Obrak salgai ere badaude

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...