Abortua

Milaka lagunek abortatzeko eskubidea babestu dute AEBetan

Abortatzeko babes konstituzionala bertan behera uzteko mehatxua gaitzetsi dute AEBetako hiri nagusietan.

Milaka lagunek egin dute aldarria gaur AEBetan, Los Angelesen, esaterako. CAROLINE BREHMAN / EFE
2022ko maiatzaren 14a
22:41
Entzun

New Yorken, Los Angelesen, Washingtonen eta Amerikako Estatu Batuetako beste hainbat hiritan kaleak bete dituzte gaur ehunka mila herritarrek, eta garbi esan diete abortatzeko babes federala ezabatzeko asmoa duten Auzitegi Goreneko epaileei emakumeei beraiei dagokiela erabakitzea euren gorputzaren inguruan. Nire gorputza, nire erabakia lelopean batu dira martxa ezberdinetan. New Yorken, esate baterako, danborren erritmora, protesta Brooklyngo barrutiko Camden plazatik abiatu da eta Brooklyngo zubi enblematikoa zeharkatu du Foley Square plazan amaitzeko. Parte hartzaileen artean, agintariak eta politikari ezagunak joan dira. Chuck Schumer Senatuko gehiengo demokratak buruak, Jumaane Williams New Yorkeko herriaren defendatzaileak eta Letitia James fiskal nagusiak parte hartu dute, besteak beste.

Los Angelesn ere, milaka eta milaka lagun batu dira —gehienak emakumeak— abortatzeko eskubidearen defentsan. Women's March Foundation elkarteak antolatutako protestan, atzera pausorik ez emateko aldarria erakutsi dute kalean. Emakumeek kontzentrazioa egin dute hiriko udaletxearen aurrean. Washingtonen ere protesta egin dute milaka lagunek, eta gogoratu dute duela bi aste ezagutu zen Auzitegi Gorenaren ebazpen zirriborroak LGTBI kolektiboaren hainbat eskubide ere zalantzan jartzen dituela. Zenbaiten kalkuluen arabera, ebazpen horrekin emakumeen abortatzeko eskubidea zalantzan legoke 26 estatutan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.