Gerra Ukrainan

Finlandiak NATOn sartzeko eskatuko duela ofizialki baieztatu dute presidenteak eta lehen ministroak

Legebiltzarrak datozen egunetan eztabaidatuko du gaia, eta baietz esatea espero duela adierazi du Sanna Marin lehen ministroak. Suedian agintean den alderdi sozialdemokratak ere sostengua eman dio herrialdea NATOn sartzeari.

Sanna Marin Finlandiako lehen ministroa, ezkerrean, eta Sauli Niinisto presidentea, eskuinean, otsailean egindako agerraldi batean, Helsinkin. KIMMO BRANDT / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko maiatzaren 15a
12:51
Entzun

Beste urrats bat egin dute gaur Finlandian, NATO aliantza militarrean sartzeko prozesuan. Presidenteak eta Gobernuak baieztatu dute herrialdeak formalki eskatuko duela erakundean sartzeko, eta legebiltzarrak «datozen egunetan» eztabaidatuko duela gaia.

Sauli Niinisto presidentea eta Sanna Marin lehen ministroa elkarrekin agertu dira igande eguerdian prentsaren aurrean, erabakiaren berri emateko.

«Finlandian oraindik parlamentuko prozesua daukagu aurrean, baina espero dut parlamentuak baieztatu egingo duela erabaki historiko hau, sendotasunez eta arduraz», adierazi du Marinek.

Parlamentuak erabakia gehiengo sendo batez hartzea espero duela gaineratu du. Aliantzako kide diren herrialdeekin eta erakunde militarraren zuzendaritzarekin harreman estuetan ari direla esan dute bi agintariek.

Zortzi hamarkadaz lerrokatu gabeko herrialdeen multzoan egon ostean, Finlandia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzearen alde agertu ziren bi agintariak maiatzaren 12an. «Berandu baino lehen, Finlandiak NATOn sartzeko eskatu behar du», esan zuten biek batera atera zuten oharrean.

Errusiak Ukraina inbaditu izanak kezka eragin du inguruko beste herrialde batzuetan, eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen zenbait adierazpenek areagotu egin dute kezka hori. «Errusiaren mehatxua sentitzen dugu, eta ez dut uste mehatxu hori erabat desagertu denik. Finlandiak ez du inoiz egin bere defentsa murrizteko urratsa; segurtasuna oso serio hartu dugu beti. Buru-belarri ari gara geure burua defendatzen. Baina, jakina, gure aliatuekin batera egin nahiko genuke», esan zuten orduan. Errusiak eta Finlandiak 1.340 kilometroko muga dute.

Suediako sozialdemokratek ere bai

Suedian agintean den alderdi sozialdemokratak ere sostengua eman dio herrialdea NATOn sartzeari, hamarkada luzeko neutraltasuna baztertuta. Magdalena Andersson lehen ministroak adierazi du egun gutxiren buruan aurkeztuko dutela eskaera ofiziala.

Bi gobernuon mugimendua ikusita, herrialdeok aliantzan azkar sartuko direla esan du Alemaniako Atzerri ministro Annalena Baerbockek gaur Berlinen. Gaineratu duenez, ez da «epe gris» bat egongo, haien segurtasuna arriskuan ez jartzeko. «Ezin da egon fase bat zeinean ez dagoen argi zein den herrialdeon estatutua, eta horregatik dena prestatu dugu erabakia oso azkar berresteko».

Azken orduetan, ordea, Turkia agertu da oztopo nagusi gisa Finlandia eta Suedia NATOn sartzeko prozesuan. Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek ostiralean adierazi zuen ez dela herrialdeok NATOko kide izatearen aldekoa, politikari erbesteratu ugari hartzen dituztelako; besteak beste, Turkiak jazartzen dien PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta DHKP-C Herria Askatzeko Alderdi-Fronte Iraultzaileko kideak. Turkia 1952tik dago aliantza militarrean, eta horrek esan nahi du Ankarak betoa jarri ahal diela erakundean sartzeko eskaerei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.