Lan gatazkak

Lehen greba hotsak iritsi dira Bizkaiko metalgintzara

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk plataforma bateratu bat osatu dute lan hitzarmena negoziatzeko, eta patronalari jakinarazi diote ez dutela nahi negoziazioak gehiegi luza daitezen.

Bizkaiko metalgintzako sindikatuek LHKren aurrean deituriko mobilizazioa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko maiatzaren 16a
11:20
Entzun

«Aurreko lan hitzarmenaren negoziazioa zortzi urtez luzatu zen; oraingoan ez dugu halakorik onartuko. Hura mobilizazio eta grebei esker lortu genuen, eta espero dugu oraingoan behar ez izatea. Baina, behar badira, egingo ditugu». Jose Maria Rojo UGT sindikatuko Bizkaiko industria arduradunak eginiko ohartarazpena da, Lan Harremanen Kontseiluak Bilbon duen bulegoen aurrean. Bertan, FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalak eta sindikatuek zazpigarrenez bilera egin dute iazko abenduaren 31n amaitu zen hitzarmena berritzeko. Sindikatuak, oraingoan, bat eginda eseri dira, plataforma bateratua osatu baitute, duela bi urte egin bezala. Hau da bakoitzaren ordezkaritza: ELA, %40; CCOO, %25; LAB, %21,5, eta UGT, %13.

Bat eginda patronalaren «aitzakiak» bukatu nahi dituztela azaldu du Iratxe Azkue LABeko ordezkariak: «Behin eta berriz aitzakiak jartzen ditu: ez gaudela bat eginda, datu faltsuak erakusten ditu... Bere txostenean publiko eginiko datuak ere auzitan jartzen ditu. FVEMeko enpresen %80k irabaziak espero dituzte aurten. Sektorea mobilizatzeko prest gaude». Bizkaiko metalgintzako sektorearena Euskal Herriko lurralde mailako lan hitzarmen handiena da. 52.000 langileri eragiten die, eta haren eraginaren menpe daude enpresa handi askotako enpresa itunak. Besteak beste, Sidenorrek, Gestampek, Artechek eta Olarrak hura hartzen dute haien lan harremanak arautzeko oinarritzat.

Talka puntu handienetako bat soldata da, «baina ez bakarra», zehaztu du Mikel Etxeberria ELAko ordezkariak. FVEMek %2ko soldata igoera finkoa eskaini du hurrengo hiru urteetarako; sindikatuek, berriz, KPIaren araberako igoerak edo hortik gorakoak. «Inflazioa oso altu dago, eta ituna berritzen ez den hilabete bakoitzeko Bizkaiko metalgintzako langileak txiroagoak dira. Enpresek haien aberastasuna modu justuago batean banatzeko obligazioa dute».

Sindikatuek susmoa dute patronala nahita ari dela negoziazioa luzatzen. «Pandemiako bi urteetan ez da egon lanera joateko arazorik, eta langileak joan dira», nabarmendu du Luis Mouliaa CCOOko kideak, «eta orain patronalak esaten die pobreagoak izan behar dutela. Ez dugu egoera hori normaltzeko gogorik». Sindikatuek gaur eraman dute eskaintza, eta erantzunaren zain daude. Haien arabera emango dituzte hurrengo pausoak. Greba hotsa ez dabil urrun. Duela bi urte, hamalau greba egunera deitu zuten, eta oraingoan jarrerek urrunago dirudite.

Asteazkenean, greba Arabakoan

Bizkaian greba hotsak dira, eta Araban deialdi ofiziala dago. ELA, CCOO, LAB, USO, CGT eta ESK sindikatuek grebara deitua dute etzirako eta hilaren 24rako eta 26rako. Sindikatuek aho batez salatu zuten Arabako metalaren negoziazioak 4 urte daramatzala blokeatuta, inolako aurrerapenik gabe, SEA patronalak ez baitu negoziatzeko borondaterik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.