Frantzia
Frantziako Lehen ministroa emakumea izanen da 30 urtean lehen aldiz: Elisabeth Borne
Jean Castexek utzitako hutsunea beteko du orain arte Lan ministro izandako Bornek. Marine Le Pen sumindua azaldu da. Dioenez, Macronen «mespretxu gogoa» agerian gelditu da izendapenarekin.

Baieztatu dira susmoak: Elisabeth Borne izanen da aurrerantzean Frantziako Lehen ministroa. Orain arte karguan izandako Jean Castexek arratsaldean aurkeztu du dimisioa ofizialki, eta jadanik argitu da lekukoa noren eskuetan den. Hala, 30 urtean aurrenekoz, emakume bat da Frantziako Lehen ministroa. «Sineste sendoko emakumea» da Borne, orain arte Lan ministro izandakoa, Frantziako presidente Emmanuel Macronen esanetan.
Notiziak hautsak harrotu ditu argitara atera bezain laster. Oposizioa ez da ados izendapenarekin, eta aho bilorik gabe egin dituzte adierazpenak haren kontra. Marine Le Penek azaldu duenez, Borne Lehen ministro izendatu izanak agerian uzten du Macronek ez duela «batzeko borondaterik». Salatu du kontrakoa dela presidentearen asmoa: «Mespretxuan oinarritutako politika gogoa du Macronek», adierazi du ultraeskuindarrak Twitterren.
Jean Luc Melenchonek ere gogor egin du Macronen erabakiaren kontra. «Gehiegikeria sozialean oinarritutako denboraldi bat», idatzi du sareetan. Are, Melenchonen iritziz, Bornek «azken hogei urteetan funtzionatu ez duen guztia» ordezkatzen du; «galbidearekin» lotu du Lehen ministro berria, alegia.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.