Homofobia

LGTBIfobiaren kontra «autodefentsa 'transmaribolloa'» indartzera deitu dute karriketan

LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna izaki, hainbat elkarretaratze egin dituzte arratsean Euskal Herrian. Salatu dute indarkeria «boladan» dagoela. Beste eraso homofobo bat gaitzetsi dute berriki, oraingoan Donostian.

LGTBI mugimenduak deituta, homofobiaren aurkako manifestazioa Bilbon, gaur arratsean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz - Nagore Arin
2022ko maiatzaren 17a
11:06
Entzun

Urtero ohikoa izaten den bezala, hainbat eragilek aurten ere elkarretaratzera deitu dute Euskal Herriko hiriburuetan. Herritarrek grinez egin dute bat deialdiarekin, eta tinko egin dute protesta hainbat herritan. Bilbon 20:00etan egin dute elkarretaratzea, Arriaga antzokiaren parean, Erasoen aurrean transmaribollo autodefentsa lelo harturik. Iruñean, berriz, 19:00etan egin dute hitzordua, Udaletxe plazan, LGTBIfobiaren aurkako sareak sortzen lelopean. Hala, bi mobilizazioetan nabarmendu dute erasoei erantzun beharra. Azpimarratu dutenez, tinko eginen diete aurre komunitatearen kontrako ekintzei.

Sumina eta kezka; biak ala biak sumatu dira gaurko protestetan. Halaber, egoeraren larritasuna azaltze aldera, azken asteotan izandako erasoak zerrendatu dituzte Bilbon. Hainbat izan dituzte aipagai, eta, beraz, ozen esan dute LGTBI komunitatearen aurkako indarkeria «boladan» dagoela egun. Halaber, kritiko izan dira erasoei loturiko notizien gainean hedabideek egindako lanketarekin. Salatu dute zenbait komunikabidek «morboa elikatu» dutela. Finean, izua zabaldu egin dela ohartarazi dute «larruazaleko poro guztietatik sartu nahi digute beldurra». Hori bazter uztea nahi dute, baina, autodefentsa indartu dadin.

Beste eraso bat

Asko izan dira azkenaldian komunitateari buruzko notizia beltzak. Hain zuzen, kolektiboko kideak kezkaz mintzatu ziren atzo, azkenaldian indartu diren gorroto diskurtsoen igoeragatik eta komunikabideek mugimenduaren aurkako erasoei ematen dieten trataeragatik. Eta azken asteotan salatu diren eraso homofoboek ez dute errealitate hori samurtzen. Atzo, Uribarri Ganboako urtegian gertatutako eraso homofobo bat salatu zuten sareetan: harri batez eraso egin zieten bi homosexuali Arroiabeko (Araba) hondartza nudistaren inguruan. Gaur, Donostiako Ondarreta hondartzaren inguruan joan den igandean gertatu zen beste eraso baten berri eman dute.

Ikusi gehiago:Lau urtean hirukoiztu egin dira eraso LGTBIfobikoak

Sare sozialen bitartez plazaratutako ohar baten bidez zabaldu dituzte erasoaren nondik norakoak. Idatzi horren arabera, lagun talde batek, itsasoan bainu bat hartu eta uretatik atera berritan, «hainbat eraso bollofobo» jasan zituzten. «Iruzkin eta begirada batzuez gainera, argazkiak atera zizkiguten. Hori ikusi eta argazkiak atera zituenari horiek ezabatzera behartzera joan ginen bitartean, surfa egitera zihoan gizon bat besteen jarrera defendatuz etengabeko eraso berbalean hasi zen, argudiatuz gure itxura horrekin ez harritzeko jendeak argazkiak ateratzeaz», salatu dute oharrean.

«Lesbiana zikin horiek». «Ez zarete batere femeninoak». «Joan zaitezte guraizearena egitera». Horiek izan ziren egin zizkieten irain askotarikoetako zenbait. Mehatxuak ere egin zizkieten, eta, salatzaileen hitzetan, ez zuten inguruan zituztenen inongo babesik jaso. «Gertatu dena ez da soilik eraso hofomobo bat izan, eraso lodifobo, matxista, putofobo, klasista eta faxista bat izan da. Gizarteak modu honetako erasoak babesten dituen heinean, Donostiako hondartza guztiak gizon heterosexualen espazio bilakatzen dira», azpimarratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.