LGTBIfobia

Eusko Legebiltzarrak «sexu aniztasunaren aurkako gorrotoak» eragindako erasoak salatu ditu

Eusko Legebiltzarreko talde guztiek, Voxek izan ezik, adierazpen bateratu bat adostu dute LGTBIfobiaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Alderdiek arratsaldeko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

Adierazpena irakurri duten alderdietako ordezkarien gaur goizeko argazkia. EUSKO LEGEBILTZARRA
unai etxenausia
2022ko maiatzaren 17a
14:32
Entzun

Eusko Legebiltzarreko talde guztiek, Vox taldeak izan ezik, adierazpen bat adostu dute gaur, LGTBIfobiaren Kontrako Nazioarteko Egunean: pertsona guztien sexu eta genero eskubideak eta askatasuna aldarrikatu dituzte. Taldeek «sexu aniztasunaren aurkako gorrotoak» eragindako erasoak salatu dituzte. Horrez gain, erakundeek eta alderdiek arratsaldeko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute, eta konpromisoa hartu dute LGTBI pertsonen ondoan egoteko eta LGTBIfobiari aurre egiteko: «Bai maiatzaren 17an, bai urteko gainerako 364 egunetan».

Irakurri gehiago:Beste eraso homofobo bat salatu dute, oraingoan Donostian

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk agerraldia egin dute legebiltzarrean testua irakurtzeko. PP+C’S-k testua babestu arren, ez da agerraldian egon. Testuan gogora ekarri dute OME Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuela 1990eko maiatzaren 17an. Sinatzaileek nabarmendu dutenez, data horrek «balio esanguratsua» du LGTBI kolektiboetakoentzat.

Adierazpenean jaso dutenez, «pandemiagatik eta horrek herritar guztiengan izan dituen ondorioengatik bi urte oso zailak izan ondoren, LGTBI kolektiboa izan da kolpatuenetako bat, desberdintasunaren arrakala areagotu eta indarkeria eta kalteberatasun egoerak areagotu baitira esparru askotan; sare sozialetan, kasurako».

Erasoak gaitzetsi dituzte

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, azken egunetan LGTBI kolektibokoen aurka izandako erasoek agerian uzten dute oraindik ere gizartean dauden «intolerantzia» jarrerei aurre egiten jarraitu behar dela. Horrez gain, azken egunotan hainbat tokitan izan diren eraso homofobo eta lesbofobo «larriak» gaitzetsi ditu: «Indarkeriazko ekintza horiek intolerantzia eta aniztasunarekiko errespetu faltaren ondorio dira, eta oinarrizko eskubideen aurkakoak».

Zupiriak azpimarratu duenez, «bizikidetza sustatzeko eta bermatzeko modu bakarra» tolerantzia handiagoa egotea eta gizarteko aniztasuna normal onartzea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.