Ipar Irlanda

Londresek immunitatea eskainiko die Ipar Irlandako gatazka armatuko ikerketetan laguntzen dutenei

Erresuma Batuko Gobernuak iaz egin zuen proposamena aldatu du, eta batzorde independentearekin kooperatzea jarri du baldintzatzat delituek «preskribatzeko».

UVF talde paramilitar unionistaren aldeko mural bat, Belfasten, artxiboko irudi batean. PAUL MCERLANE / EFE
ander perez zala
2022ko maiatzaren 17a
16:40
Entzun

Iazko udan egindako proposamena aldatu du Erresuma Batuko Gobernuak. 1998ko Ostiral Santuko Akordioaren aurretik Ipar Irlandako gatazka armatuarekin «zerikusia duten istiluek» preskribatzea proposatu zuen, baina orain jarrera aldatu du, eta immunitate hori lortzeko baldintza bat finkatu du: ikerketa «independente eta sendoak» laguntzea. Neurriak armadako soldaduei eta IRA Irlandako Armada Errepublikanoko boluntarioei eragingo lieke, esaterako.

Brandon Lewis Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroaren arabera, egungo sistema «huts egiten ari da» —2015etik 2021era bederatzi lagun inputatu dituzte, esaterako—, eta «familia gehienek» ez dute «ez egia eta ez justizia» jaso oraindik ere; hortaz, Londresek beharrezkotzat jo du aldaketa bat egitea, Lewisek ohar baten bidez azaldu duenez.

«Biktimentzako eta bizirik atera direnentzako» eratuko duten ICRIR Informazioa Berreskuratzeko eta Adiskidetzerako Batzorde Independentea izango da Erresuma Batuko Gobernuak sustaturiko proposamenaren muina. Ipar Irlandako ministroaren arabera, talde horren zeregina «erantzunak ematea» izango da, «hala eskatzen dutenentzat», eta «immunitatea emateko» eskumena izango du lankidetzan aritzen direnei.

Aldiz, batzorde independentearekin kooperatzea ukatzen dutenek ez dute lortuko egozten dizkieten delituek preskribatzea, eta, beraz, auziperatuak izateko ateak irekita jarraituko du haien kontrako «nahikoa froga badago edo frogak agertzen badira». Ikerketak egiteaz gain, ICRIRk «erregistro historiko bat» osatuko du Troubles (Istiluak) garaian izandako hilketez dakiten informazio guztiarekin.

Batzorde independenteko kideak gobernuak izendatuko ditu, eta horren buruzagia «figura judizial bat» izango da. Horiek arduratuko dira immunitatea emateaz, betiere norbanako batek hori eskatzen badu; hori bai, aurrez, lagun horrek egiazko informazioa eman behar du.

Londresen iazko proposamenak kritika asko eragin zituen, biktimen ustetan erabakia de facto amnistia bat zelako; Erresuma Batuko oposizioko alderdiak eta Ipar Irlandako koalizio gobernua osatzen zuten bost indar politikoek ere jarrera bera hartu zuten auziaren inguruan, eta Irlandako Errepublikako Gobernua ere kexu agertu zen Londresen erabakiaren inguruan.

Komunen Ganberan iazko uztailean egindako agerraldi batean, Lewisek argudiatu zuen Ipar Irlandako Polizia Zerbitzua 1.200 kasu aztertzen ari zela, gehienak duela lau hamarkada gertaturikoak, eta horiek ikertzeko gutxienez hogei urte beharko lituzkeela. Hori kontuan hartuta, eta orain arteko bide judizialen egoerak baloratu ostean, Ipar Irlandarako ministroak adierazi zuen aldaketa bat ezinbestekoa dela «egia eta adiskidetzea babesteko».

Auzipetzeek preskribatzeko aukeraz gain, Erresuma Batuko Gobernuak «ahozko historiari» buruzko «egitasmo bat» indarrean jartzea proposatu du gaur aurkeztu duen lege proiektuak, herritarrek beren esperientziak konta ditzaten.

Egutegia betez gero, bost urte iraungo du batzorde independentearen jardunak.

«Aldaketak» protokoloan

Ipar Irlandaren inguruko beste asmo baten berri ere eman du Londresek: protokoloa «aldatzeko» legedia sustatuko duela «datozen asteetan». Erresuma Batuko hedabideek egunotan argitara ateratakoaren arabera, itun horren «parte batzuk» urratu nahi ditu gobernuak; zehazki, Liz Truss Atzerri ministroak gaur Komunen Ganberan esan duenez, enpresei hautua emango liekete «Erresuma Batuaren eta [EB] Europako Batasunaren araudien» artean aukeratzeko, lege proiektu hori onartuz gero —kontserbadoreek gehiengo osoa dute—.

Trussek azaldu du gobernuaren lehentasuna «oraindik ere» badela EBrekin irtenbide negoziatu bat lortzea, baina, aldi berean, premiaz aritzeko beharraz ohartarazi du hainbatetan, Londresi ez zaiolakoan «komeni atzeratzea». Atzerri ministroak esandakoaren arabera, gobernuak nahi du Ipar Irlandan sartu eta lurralde horretan kontsumituko diren produktuek kontrolik pasatu behar ez izatea.

Besteak beste, aldaketa posible horiek DUP Alderdi Demokratiko Unionistari begirakoak izan dira. Hain justu, Jeffrey Donaldson DUPen buruzagiak ongi etorria eman dio Londresek egindako proposamenari, eta Erresuma Batuko Gobernuari aitortu dio «hasiera ona» dela erabaki hori hartu izana. Ordea, iragan astean esan bezala, gaur ere mezu bera helarazi dio: «ekintzarako garaia» dela, eta ez «hitzetarakoa».

Horregatik, DUPeko buruzagiak jakinarazi du bere alderdiak «mailaka eta modu arretatsuan» aztertuko duela legedia, eta edukiaren arabera kenduko diola betoa Ipar Irlandako gobernabideari —parlamentuaren eta gobernuaren jarduna blokeatuta dauzka protokoloa aldatu arte—.

Maros Sefcovic Europako Batzordeko presidenteordeak, berriz, «kezka» agertu du Londresek emandako pausoagatik, eta agerian utzi du lege proiektu hori onartuz gero gerra komertzial bat hasiko litzatekeela bi aldeen artean. «Eskura ditugun tresna guztiekin erantzungo dugu», esan du Sefcovicek ohar baten bidez, nahiz eta adostasunerako atea irekita utzi duen.

Trussen iragarpenaren aurretik, Irlandako Errepublikako RTE telebista kateari emandako elkarrizketa batean, Mairead McGuinness Europako Batzordeko Finantza komisarioak Londresi ohartarazi dio alde bakarreko erabakiek egoera «okertu besterik ez» dutela egingo. Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidentea ere kexu agertu da, eta Erresuma Batuko Atzerri ministroari leporatu dio nazioarteko legedia «urratzen» ari direla halako erabakiekin.

Londresek eta Bruselak adostu zuten protokoloa, eta bi helburu nagusi ditu: Irlandako uhartean muga gogorrik ez ezartzea berriz, eta EBren merkatu bakarra babestea. Itun horren bidez, Ipar Irlanda merkatu horren arauekin lerratu da produktuei dagokienez, eta horrek kontrolak ekarri ditu Irlanda iparraldeko portuetara.

Unionistak, baina, kexu agertu dira akordio horrekin, argudiatu baitute Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean «muga bat» sortu duela, eta «kolokan» geratu dela lurraldeak erresuman duen «tokia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.