Enpresak

Siemens Gamesa osoa eskuratzea buruan darabilela dio Siemens Energyk

«Pentsakizun» hori duela adierazi du Alemaniako taldeak, eta piztu egin ditu bai zurrumurruak bai akzioak. Etengabe galerak ematen ari da Siemens Gamesa, eta, handik falta zaion %33ko zatia erosi eta burtsatik aterata, Siemens Energyk berregituratu egingo luke Zamudioko taldea.

Siemens Gamesaren akzioek %12tiko gorako igoerak izan dituzte, tarte batez haien kotizazioa etenda egon ostean. VEGA ALONSO / EFE
Irune Lasa.
2022ko maiatzaren 18a
11:46
Entzun

Hilabeteetako espekulazioen ostean, badirudi, oraingoan bai, Siemens Energy alemaniarrak abian jarriko duela prozesua falta zaion Siemens Gamesaren zatia erosteko. Alemaniako konpainiak Zamudioko taldearen %67 dauka jada jabetzan, eta gainerako zatia eskuratzeko 3.500 milioi euro beharko dituela kalkulatzen da, kontuan izanda oraintxe Siemens Gamesaren merkatuko balore osoa 9.600-10.000 milioi eurotan dagoela.

Munichetik egindako adierazpenean, edonola ere, ez dago erosketa eskaintza publikoaren baieztapenik. «Ez dago erabakirik hartuta, eta ez dago segurtamenik salerosketa gauzatuko denik», esan du Siemens Energyk. Baina burtsak pizteko nahikoa izan da alemaniarren esaldi bat: «Pentsakizun horren emaitza zabalik dago».

Eta horrela, Siemens Gamesaren tituluen balioak %11 egin du gora, CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak behin-behinean haien salerosketa eten aurretik, «badaudelako hainbat zirkunstantzia eragin dezaketenak balore horien gaineko operazioen garapen normalean». Berriz salerosketa zabaldu denean, hazkundea handiagoa da, %12tik gorakoa.

Era berean, Frankfurten Siemens Energyren kotizazioak ere gora egin du, %4,7.

Merkatuan dagoen Siemens Gamesaren %33a eskuratuta, Alemaniako taldeak eskumen osoa nahi du Zamudiokoarekin egin beharrekoa egiteko, lasta astuna bilakatu zaiolako haren etengabeko galerak direla-eta, zeintzuek azkenean Municheko taldeari berari eragin dioten. Zurrumurruek diote, behin Siemens Gamesaren jabetza osoa eskutan, haren aktiboak saltzen joango dela Siemens Energy.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.