'Monguillot aferako' akusazioa birkalifikatu dute

2020ko uztailean zendu zen Philippe Monguillot autobus gidaria, Baionan, jipoi baten ondoren. Baionako fiskaltzak helegitea jarri du.

Monguilloten alarguna 2020ko uztailean, erasoa salatzeko egin zuten mobilizazioan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko maiatzaren 18a
12:28
Entzun

«Nahigabe eragindako heriotza ondorio izan duen talde bortizkeria». Horrela kalifikatu du instrukzio epaileak Philippe Monguillot autobus gidaria jipoitzea leporatzen dieten ustezko erasotzaileen kontrako akusazioa. France Bleu Pays Basque irratiaren arabera, astelehenean izenpetu zuen hiru akusatuen kontrako auzipetze agindua. Sud Ouest egunkariari egindako adierazpenetan, instrukzio epaileak «afera bere lekuan» ezarri duela iritzi dio Thierry Sagardoitho defentsa abokatuak. Monguillot familiaren abokatuaren hitzetan, haatik, biktimei emandako «zaplazteko bat» da. Baionako fiskaltzak helegitea jarri du: hilketa gisa epaitzea nahi du.

2020ko uztailaren 5ean gertatu zen autobus gidariaren kontrako erasoa. Erabiltzaile batzuekin iskanbila izan zuen, eta haietako bati buru kolpe bat eman zion. Ondoren etorri zen jipoia. Azken kolpearen ondorioz, lurrera erori, eta buruan kolpea hartu zuen. Garun heriotza zuela eraman zuten ospitalera, eta handik egun batzuetara hil zen. Gertakariak oihartzun handia izan zuen Frantziako Estatu guzian, eta, ustezko erasotzaileen jatorria zela eta, diskurtso arrazistak eta xenofoboak gailendu ziren. Autobusetako segurtasun falta deitoratu zuen batek baino gehiagok, baina gidariek dituzten lan baldintzak ere nabarmendu zituzten beste batzuek.

Orotara, hiru dira Monguillot aferan akusatuak direnak. 24 urteko bi gazte dira ustezko erasotzaileak; hirugarrenari, erasoaren ondotik horiek aterpetzea leporatzen diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.