«Printzipioz» amaitu da Arrakalaren hustearen ikerketa judiziala, AZET Etxebizitza Taldeak jakinarazi duenez

Arrakala guneko lau kide deitu dituzte deklaratzera gaur goizean Bilboko epaitegira, baina horietatik bakarrak deklaratu behar izan du azkenean. Aurrerantzeko deialdietara adi egoteko eskatu dute.

AZET Etxebizitza Taldeko kideak, gaur goizean, Bilboko epaitegiaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko maiatzaren 18a
13:08
Entzun

AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak elkarretaratzea egin du gaur goizean Bilboko epaitegien aurrean, han deklaratu behar izan baitute Bilboko Arrakala guneko lau kidek. Mozal legea ezarri dietelako egon dira epaitegira deituta, baina, azkenean, lau kideetatik bakarrak deklaratu behar izan du. AZET Etxebizitza Taldeak jakinarazi duenez, «printzipioz» amaitu da ikerketa judiziala: «Epaitegiak erabaki bat hartu arte itxaron beharko dugu». Eraikina hustu izanaren eta prozedura judizialaren «izaera politikoa» salatu dute gaur ere epaitegiaren aurrean.

2021eko martxoan okupatu zuten Bilboko Unamuno plazako eraikin bateko solairu bat, urteetan hutsik egondakoa, «miseriak jotako auzokideen behar materialak asetzeko» helburuz. Arrakala izena jarri zioten guneari, eta irekita egon zen bitartean AZET taldeko egoitza, auzokide etxegabetuen larrialdiko etxebizitza eta elikagaien herri biltegi gisa ere erabili zuten.

Arrakala abian jartzearekin batera hasi zen «polizia jazarpena», AZET Etxebizitza Taldeko kideek azaldu dutenez: hainbat kide identifikatu zituzten, haietako batzuei etxeraino jarraitu zieten, bideoz grabatu zituzten, eta sindikatuko kideek horren kontrako elkarretaratzea egin zutenean, Bilboko udaltzainek isuna jarri zieten. «Jazarpena oraindik ez da amaitu», gaineratu dute.

Azkenean, duela urtebete hustu zuten Bilboko Arrakala gunea, maiatzaren 11n. Han zeuden pertsonak identifikatu, eta kaleratu egin zituzten eraikinetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.