Langile publikoak

ELA: «Gobernuak legea urratzeko prest daude zerbitzu publikoekin negozioa egiteko»

Sindikatuaren kalkuluen arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egonkortze prozesuetatik kanpo utziko dituzte behin-behineko langile publikoen hiru laurdenak.

Donostiako Ospitaleko langile batzuk greba egun bateko afixak itsasten. JON URBE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko maiatzaren 18a
13:28
Entzun

Bi aste baino gutxiago falta dira Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak langile publikoak egonkortzeko prozesuetara dei ditzaten. Biak behartuta daude Iceta legea delakoa eta Europako auzitegiaren agindua betetzera. Agindu horren arabera, behin-behinekotasun tasak %8tik beherakoa izan beharko luke prozesuaren amaieran, baina, ELA sindikatuaren arabera, bi erakundeek egonkortu asmo dituzten lanpostu kopuruarekin, behin-behinekotasuna %30etik gorakoa izango da oraindik. Gauzak hala, ELAk «iruzurra egitea» egotzi die, eta helburu jakin batekin gainera: «Langile finkoen kopurua murriztu nahi dute pribatizazioak egin eta zerbitzu publikoekin negozio egiteko».

Igor Eizagirre ELAko zerbitzu publikoetako idazkari nagusiak egin du salaketa larria. «Pribatizazio prozesuak nonahi ikus daitezke: Bizkaian bost zahar etxe publiko daude bakarrik; beste guztiak pribatuak dira. Osakidetzan garbiketa, sukalde, mantenu eta segurtasun zerbitzu gehienak pribatuak dira. Hezkuntzan, jangelak, zaintza, garbiketa... Pribatua dena. Telefono laguntzako zerbitzuak ere pribatuak. Enplegua ez bada finkatzen, negozio asmo bat dagoelako da». Salaketa urrunago eraman du: «Gainera, ez dago gardentasunik: erakundeek postu horiek amortizatu nahi dituzte, eta horregatik ez dute daturik ematen».

ELAren kalkuluen arabera, Eusko Jaurlaritzak 33.356 langile utzi ditu finkatze prozesuetatik kanpo; alegia, egun behin-behinean diharduten %72. Nafarroako Gobernuari dagokionez, 13.467 dira; alegia, %79. Sindikatuak entresaka zehatzagoa egin du. Osakidetzan, esaterako, behin-behineko 24.000 langile daude, eta egonkortze postuak 3.700 dira (%15). Hezkuntzan, berriz, 15.000 dira behin-behinekoak, eta 4.783 egonkortze postuak (%30). Administrazio orokorrean, lanpostuen %20 gelditu dira kanpoan; Justizian, %80; eta elkarte publikoetan, %70. Ertzaintzan, esaterako, ez dago behin-behineko langilerik. Nafarroako Gobernuan, ratioak antzekoak dira. Osasunbidean, behin-behineko 8.629 langile daude, eta 1.383 lanpostu bakarrik egonkortu asmo dituzte (%16), Hezkuntzan 6.334 langile daude, eta 766 lanpostu (%12), eta administrazio orokorrean lanpostuen %32 daude kanpoan.

Eizagirreren ustez, «borondate falta» da arazoa, eta hor ikusten du pribatizazioaren mamua. Izan ere, azaldu duenez, beste erakunde publiko batzuetan egoera ezberdina da. Azaldu duenez, Bilboko eta Gasteizko udaletan, ondo bidean, behin-behinekotasuna %6ra murriztuko da. Azken horretan, esaterako, kale garbitzaileen 300 lanpostu finkatuko dituzte, eta 150 lorezain lanpostu. «Hori lorpen bat da, udalerri askotan dagoeneko pribatizatuta dauden zerbitzuak direlako. Hor ikusten da zein den joera», aletu du.

ELAren ustez, ageriko lege urraketa bat da, eta mobilizazio gehiagotara deituko du hura salatzeko. Era berean, argi utzi die gobernuei epaitegietara joateko oso prest dagoela, onartzen diren egonkortze lanpostuak benetako beharretara egokitzen ez badira. «Europako legea aldatzea lortu genuen Osakidetzan irabazitako epaiketa batekin. EITBko hainbat langile egonkortzea lortu dugu. Legea ez bada betetzen, bide juridikoa urratuko dugu», iragarri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.