Kontu publikoak

Bruselak beste urtebete atzeratu du gerrikoa estutzea

EBko gobernuei proposatu behar die gutxienez 2024 arte ez aplikatu behar izatea Egonkortasun Ituna, Ukrainako gerrak panorama ekonomikoa belztu duelako.

Valdis Dombroskis eta Paolo Gentiloni Europako Batzordeko ekonomia arduradunak, atzo, Bruselan. STEPHANIE LECOQ / EFE
Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 19a
13:20
Entzun

Inflazioak eta Ukrainako gerrak Europako Batasuneko ekonomiei eman dien kolpeak beste urtebete atzeratuko du gastu publikoa kontrolatzen hasteko agindua. Financial Times-ek aurreratu eta beste hedabide batzuek Bruselako iturrietatik baieztatu dutenez, Europako Batzordeak proposatuko du Egonkortasun Ituna ez betetzeko klausula 2023an ere ezartzea eta, hortaz, gerrikoa gutxienez 2024 arte ez estutu behar izatea.

Egonkortasun Itunak dio EBko estatukideek gehienez beren BPGaren %3ko defizit publikoa izan behar dutela eta %60ko zor publikoa, eta baldintza horiek betetzen ez dituztenek isunak izango dituztela ­—ez dira inoiz ezarri— eta, defizit publikoaren kasuan, Batzordearen gainbegiratze zorrotza izan behar dutela.

Ituna behin-behinean eten zuten 2020ko udaberriaren hasieran, konfinamenduan ikusi baitzen estatu kideek gastu publikoa handitu egin beharko zutela osasun krisiari erantzuteko lehenik, eta krisi ekonomikoari erantzuteko ondoren. Pandemiaren okerrena igarota, asmoa zen 2023an berriro arauak indarrean jartzea, eta EBko kideak hastea beren aurrekontu publikoak orekatzen. Baina Errusiak Ukraina inbaditu izanak larritu egin du inflazioaren arazoa, eta luzatu hornidurarena, eta auzitan jarri du ekonomiaren suspertzea. Aste honetan bertan kaleratu ditu Europako Batzordeak Udaberriko Aurreikuspenak, eta asko jaitsi du hazkunde iragarpena: EBn eta eurogunean %2,7 da haztekoa, eta ez %4, otsailean esan bezala.

Europako Batzordeak aurki emango du ofizialki bere proposamenaren berri, eta ondoren EBko Ekonomia ministroek berretsi beharko dute. Ez da espero atzera botatzea, ministroek beste gai arantzatsu bati heldu behar baitiote: Egonkortasun Itunaren erreforma. Ohikoa den bezala, gobernuak zatiturik daude oraingo arauei eustea eta arau sinpleagoak eta errealistagoak jartzea eskatzen dutenen artean. Defizita baino, zorra da gakoa eztabaida horretan, koronabirusaren krisiak %60tik gora igo baitu estatu kide askoren zor publikoa, eta ezinezkoa egiten baitu hura nabarmen murriztea atzeraldi bat eragin gabe.

Eragina, Euskal Herrian ere bai

Europan gerrikoaren estutzea atzeratzeak ondorioak izango ditu Euskal Herrian ere. Izan ere, Bruselan irabazitako malgutasuna bere menpeko administrazioei ere ezartzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, eta azken urteetan ez dizkie defizit eta zor mugak jarri Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Horri esker, aurrekontu hedakorrak egin ahal izan dituzte, eta ildo horretakoak izan daitezke 2023. urtekoak ere. Edonola ere, superabitarekin itxi zituzten 2021eko aurrekontuak. Gasteizko administrazioak 602 milioi euroko superabita izan zuen, barne produktu gordinaren %0,84; Iruñekoan, berriz, gastuak 269 milioi euro txikiagoak izan ziren diru sarrerak baino, eta superabita BPGaren %1,3ra itzuli zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.