Nafarroako Inbertsio Institutua datorren legealdian jarriko da abian

Navarra Sumaren kritiken aurrean, Maria Txibitek ukatu egin du PSNk gobernua gehiago kontrolatzeko helburua duela, eta sektore estrategikoak bultzatzeko erreminta dela nabarmendu du: «Hemen ez dago botere borrokarik, ez zure irudimenak sortutako beste mamurik», esan dio Esparzari.

Navarra Sumako Javier Esparza eta Maria Txibite gobernuko lehendakaria, iaz, osoko bilkura batean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko maiatzaren 19a
13:29
Entzun

Ez da banku publikoa, baina, Sodena sozietate publikoarekin batera, sektore estrategikoen finantzaketa bultzatzeko erreminta bat gehiago izango du aurki Nafarroak. Iragan asteko gobernu kontseiluan, Nafarroako Inbertsio Institutua sortzeko lehen urratsa egin zuen, eta, datozen hilabeteetan, organo horren izaera eta helburuak zehaztea egokituko zaio Elma Saizen Ekonomia eta Ogasun Departamenduari.

Europako Batzordeak bultzatutako garapenerako banku eredua izango du, eta, ondo bidean, datorren legealdian egongo da abian. Aurtengo aurrekontuen inguruan, EH Bilduren eta gobernuaren arteko puntuetako bat da institutu horren sorrera, eta, ondorioz gobernuak, konpromiso hori betetzeko lehen urratsa egin du.

Sei kideko zuzendaritza

Gobernuak aurreratu duenez, datozen hilabeteetan bere jarduera arautuko duen estatutua landu behar du. Behin hori eginda, institutuaren gobernu kontseilua eratu beharko da. Sei urterako izendatuko dira bertako kideak eta Ekonomia eta Ogasun departamenduaren ardurapean egongo da zuzendaritza hori. Kideen artean beste departamenduetako goi karguak egotea espero da.

Xehetasun gehiago ezagutu zain, inbertsio institutuak Sodena sozietate publikoarekin talka egiteko arriskua dago, eta horrek gobernu barruan nolabaiteko tentsioa eragin du, egun Sodena Garapen Ekonomikoko Departamenduaren menpe dagoelako eta, ondorioz, Geroa Baik duelako haren ardura.

Izan ere, Sodenaren zeregin nagusietakoa da sektore estrategikoak finantzatzea, eta ondorioz, funtzio bereko bi erakunde egoteko arriskua dago. Legeak, berez, debekatu egiten ditu bikoizketak, eta aurrera begira konpondu egin beharko da arazo hori. Dena den, gobernu barruan Geroa Baik baiezkoa eman dio institutuari eta iritzi publikoari begira, bederen, ez du kritikarik egin.

Navarra Suma, hatza sartuz

Haatik, beste hainbat gaitan PSNren eta Geroa Bairen arteko harremanak gaiztotuta daudela jakinik, Navarra Sumak hatza sartu nahi izan du barruan gai honekin ere. Parlamentuko kontrol saioan, Javier Esparza bozeramaileak aurpegiratu dio Maria Txibite Nafarroko Gobernuko lehendakariari institutu horren helburua ez dela enpresak laguntzea, «Europako funtsen kontrola izatea baizik».

Esparzaren arabera, sozialistek «botere gerra bat» piztu dute, eta, institutu horren bidez, bilatu dute gobernua gehiago kontrolatzea, Geroa Bairen kaltetan. Halaber, Navarra Sumako eledunaren arabera, Txibitek ez du azaldu «zenbat diru» kostatuko den, eta gobernuaren egitura are gehiago handitzeko saio hori «zergadunen lepotik» egingo dela deritzo. Azkenik, uste du institutua banku publikoa sortzeko urrats bat dela eta EH Bilduri egindako kontzesio bat dela.

«Zurrumurruen politika»
Txibitek ihardetsi dio «zurrumurruen politika» baino ez zaiola geratzen Esparzari. Haren esanetan, gobernuaren akordio programatikoan finantzaketarako instrumentu publiko bat sortzeko konpromisoa hartu zuten gobernuko bazkideek, eta institutu horrek bat egiten du horrekin. Gaineratu du Europako Batzordeak berak bultzatzen duela garapen ekonomikoko bankuen sorrera.

Azkenik, gogorarazi dio institutuaren xedea enpresei laguntzea dela, eta bateragarri dela Sodenarekin. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Jaurlaritzak antzeko bi erakunde ditu Finantzen Euskal Institutua, Ekonomia eta Ogasun Sailaren menpe, €ˆeta SPRI Industria Sustatzeko eta Eraldatzeko Baltzua, Garapen Ekonomikoko Sailaren menpe.

«Ez dakit ez ote zareten ari gobernu hau ez dela legealdi amaierara iritsiko mezua zabaldu nahian, edo gobernu hau errepikatuko ez den itxaropena duzuen. Sentitzen dut zure itxaropena zapuztea. Hemen ez dago botere borrokarik, ez zure irudimenak sortutako beste mamurik», esan dio Esparzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.