Zahar etxeak

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek aurrerapausoak exijitu dituzte itunaren negoziazioan

Manifestazioa egin dute gaur Donostian, ELA eta LAB sindikatuek deituta, bakoitzak bere aldetik. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta patronalari eskatu diete bere erantzukizuna onartzeko eta konponbideak proposatzeko. Bihar bilduko da negoziazio mahaia.

Greba egin dute Gipuzkoako zahar etxetako langileek. OIHANE PUERTAS RAMIREZ
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 19a
16:30
Entzun

Greba eguna dute gaur Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, ELA eta LAB sindikatuek eta Gipuzkoako Senideak elkarteak deituta. Adinekoen egoitzetako hitzarmenaren alde borrokatzeko hartu dituzte Donostiako kaleak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eta patronalari eskatu diete beren erantzukizuna onartzeko eta konponbideak proposatzeko. Manifestazioa egin dute 11:00etan, bulebarretik abiatuta.

Borroka prozesu «oso luzea» daramatela adierazi dute sindikatuek; izan ere, duela bost urte osatu zen negoziazio mahaia, eta duela lau urte hasi zituzten grebak eta mobilizazioak. Horrela, Gipuzkoako ELAko zahar etxeetako langileen 258. greba eguna da gaurkoa. Horregatik, Maialen Aranburu ELA sindikatuko Gipuzkoako zahar etxeetako arduradunaren arabera, hasieratik hitzarmenerako eskatzen zituzten edukiak «zaharkituta» gelditu dira, ez zituztelako 2022. eta 2023. urteak aurreikusten, eta negoziazio mahaian eduki horiek eguneratzeko eskatu dute, besteak beste.

Eñaut Alvarez LAB sindikatuko kideak adierazi duenez, gaur egungo egoerak «urgentziazko» irtenbide bat behar du, zahar etxeetan «muturreko» egoeran baitaude. Nabarmendu du egoera «larria» dela duela urte askotatik, baina COVID-19aren ondorioz «are eta larriagoa» bihurtu dela. Horregatik, ohartarazi du bakoitzak bere erantzukizunak onartu behar dituela; «bai patronalak, bai diputazioak, baita sindikatuok ere». Mobilizazioan, patronalaz gain, aldundia ere interpelatu dute; hain zuzen ere, badakitelako proposamenaren atzean diputazioak ere egon behar duela. «Ehuneko handi batean diru publikoz finantzatuta dagoen zerbitzu bati buruz ari gara hitz egiten, eta, beraz, azken ardura aldundiarena da», adierazi du Aranburuk.

Bihar bilduko da negoziazio mahaia, eta, sindikatuen arabera, bilera «erabakigarria» izan daiteke, hitzarmen duin bati bide emango dion «negoziazio erreala» martxan jartzeko aukera izan daitekeelako. Sindikatuek, beraz, patronalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diete «beren lana» egin dezatela, aurretik izan dituzten hiru negoziazio mahaietara «ez dutelako proposamenik eraman». Biharko bilerari begira, baina, Aranburuk espero du proposamenen bat aurkeztea. Izan ere, azkenekoan, ELAk ohartarazi zuen proposamenik jasotzen ez bazuten ez zela mahaian eseriko, eta Aranburuk erabaki horixe berretsi du gaur: «Ez gara fikziozko negoziazio batean sartuko». LABek, berriz, nabarmendu du proposamena jasotzen badute «xehetasunez» aztertuko dutela, baina eramaten ez badute «bestelako pauso batzuk emateko prest» daudela.

Zahar etxeetako langileen lan baldintzak «duinduko» dituen hitzarmena negoziatzerako orduan, ELAk nabarmendu du, besteak beste, garrantzitsua dela ratioak hobetzea eta soldatak igotzea, «kasu askotan 2016tik soldata igoerarik gabe dagoelako sektore hau». Langileentzat, gainera, hogei minutuko atsedenaldi ordaindu bat eskatzen dute, baita kontratu guztiak %100eko jardunaldikoak eta finkoak izatea ere. Horrez gain, Aranburuk nabarmendu du oraindik inongo hitzarmenetan jarri ez den klausula berri bat lantzen ari direla. Horrekin, azken bi urteotan pandemiarekin zahar etxeetan bizi izan dutenari erreparazio bat bilatu nahi diote.

LABen ustez, berriz, erresidentzietan dagoen egoerari «behin-behineko irtenbide bat» emateko beharrezkoa da herrialde mailako lan hitzarmen bat ezartzea. Horrekin, Gipuzkoako egoitzetan lan bera egiten duten langileen arteko lan baldintzak eta soldata arrakala berdintzea bilatzen dute. Horrez gain, «ezinbestekotzat» daukate ratioak handitzea, «ez lan kargak gutxitzeko bakarrik, zerbitzua hobetzeko ezinbesteko neurria delako ere bai».

Greba eskubidea, «urratuta»

Sindikatuek salatu dute Eusko Jaurlaritzak greba eskubidea «urratzen jarraitzen» duela, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarriz. Aranburuk azaldu duenez, neurri hori ezarrita Jaurlaritzak duen «helburu bakarra greba eskubidea oztopatzea» da. Nabarmendu du pandemian langileak greba eskubiderik gabe egon direla, %100eko zerbitzu minimoekin.

LABek ere salatu du gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla; Alvarezen arabera, greba eskubidea «urratua» izan da%100eko zerbitzu minimoen aitzakiapean: «Egoiliarren zaintza eta atentzioa bermatzearen izenean, grebarako eskubidea urratzen dute». Horrela, gaineratu du gutxieneko zerbitzuak ez direla greba egunetan bakarrik jartzen: «Egunero gaude zerbitzu minimoetan lanean, eta greba egunetan egun normal batean baino jende gehiagok egin izan du lan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.