TXIRRINDULARITZA

Stefano Oldanik irabazi du Giroko hamabigarren etapa

Italiarra eguneko ihesaldian sartu da lehenbizi, eta bi iheskiderekin egin du aurrera gero. Esprintean hura izan da azkarrena. Juanpe Lopezek lehen postuari eutsi dio.

Stefano Oldani, etapa irabaztear, gaur, Genovan. ITALIAKO GIROA
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 19a
16:56
Entzun

Iheslariek Italiako Giroko etaparen bat begiz joa bazuten, hamabigarrena zuten. Parma eta Genova arteko ibilbidea oso aproposa zen esprinterren taldeen zaintzatik ihes egiteko: ekitaldiko saiorik luzeena zen (204 kilometro), eta ez zuen aparteko zailtasunik.

Bete egin dira iragarpenak, eta ihes egindako hiru txirrindulari lehiatu dira etapa irabazteko: Stefano Oldani (Alpecin), Lorenzo Rota (Intermarche) eta Gijs Leemreize (Jumbo). Oldani nagusitu da, Rotaren eta Leemreizeren aurretik. Italiarrak ez zuen garaipenik duela lau urte profesionaletan debuta egin zuenetik; nekez izan zezakeen estreinako hoberik, etxeko lasterketarik handienean.

Lehen hiru sailkatuak 25 txirrindulariz osatutako ihesaldi baten kide izan dira. Izen handiak zeuden tartean: Mathieu van der Poel (Alpecin), Wilco Kelderman (Bora) eta Bauke Mollema (Trek), besteak beste. Kilometro asko egin dituzte elkarrekin, baina helmugara gerturatu ahala, elkarri erasoka hasi dira, eta, azkenean, Oldani, Rota eta Leemreize geratu dira aurrean. Kelderman (Bora) eta Mollema (Trek) 57 segundora iritsi dira, eta tropela, bederatzi minutu pasatxora. Juanpe Lopezek (Trek) lehen postuari eutsi dio.

Bihar, hamahirugarren etapa jokatuko dute, Sanremotik Cuneora. Laburra da (150 kilometro) eta bi zati ditu: lehen 54 kilometroak goraka dira, eta Hirugarren Mailako mendate bat dago bukaeran; hurrengo ia ehun kilometroak, ordea, maldan behera dira. Esprinterrek ez dute nahiko beste aukera bat alferrik galtzea.

Italiako Giroa ez da jokatzen ari den World Tourreko proba bakarra. Gaur, Burgosko Itzulia hasi da, eta Worx taldeak garaipen boladari eutsi dio. Lotte Kopecky flandriarrak irabazi du lehen etapa, esprintean, eta lider jarri da. Tereza Neumanova (Liv) eta Emma Cecilie Bjerg (Movistar) sailkatu dira haren atzetik. Eukene Larrarte (Bizkaia Durango) izan da lehen euskal herritarra, hamazazpigarren postuan, irabazlearen denbora berarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.