FUTBOLA

«Gogobeteta» esango du agur Oier Sanjurjok

Klubaren eta zaleen aitortza jaso du Osasunako kapitainak, agurreko ekitaldian. Taldean jarraitu nahiko zukeen, eta «denboraldi zaila» izan dela azaldu du. Ez du, printzipioz, futbola uzteko asmorik.

Osasunako jokalariak, Oier Sanjurjo airera botatzen, gaur, Sadarren egindako agurreko ekitaldian. IñIGO URIZ / FOKU
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 19a
21:34
Entzun

Sadarreko berdegunea igandean zapalduko du azkenekoz Oier Sanjurjok Osasunako jokalari moduan. Gaur, agurreko ekitaldia egin da jokaleku berean, eta hunkituta agertu da kapitain gorritxoa. Kostata eutsi die malkoei. Azken asteetan sentimendu anabasa izan omen du. «Tristura» eta «nostalgia» sentitu ditu, alde batetik. Ezin da bestela izan, hamabost urte egin baititu Osasunaren lehen taldean. Baina, ororen gainetik, «gogobeteta» doala nabarmendu du. «Ametsa bukatzen ari da. Luxua, altxorra izan da egunero Taxoaren lan egin ahal izatea. Aseta eta harro noa, klubak hazkunde itzela izan duelako».

Ekitaldi irekia eta jendetsua izan da. Aulkietan, senitartekoak eta taldekideak ageri dira, eta harmailetan, zale ugari —3.000 lagun bildu ziren—, kantuka. Elebiz mintzatu da kapitaina. Hasteko, euskara hutsez mintzatu zaie familiakoei. Maitasun eta esker oneko hitzak eskaini dizkie, «oreka» eman diotelako urte hauetan guztietan. Denetarik bizi izan du Oierrek Osasunaren elastikoarekin. Oztopoak ez dira gutxi izan. Zailtasunek, haatik, dena «intentsitate handiagoz» bizitzen lagundu diote. Atzera begiratuta, errealitateak «amets guztiak» gainditu dituela sentitzen du: «Jasotako ondare emozionala ikaragarri aberasgarria izan da. Ezin da diruz ordaindu bizi izan dudan guztia».

Osasunan jarraitzeko gogoa zuen, baina protagonismoa galduz joan da azkenaldian. Alde horretan, aurtengoa «denboraldi zaila» izan dela aitortu du ekitaldiaren osteko prentsaurrekoan. «Denok dugu gure egoa, eta ni asko jokatzera ohitu naiz. Ez da erraza geroz eta minutu gutxiago duzula ikustea, eta irristadaren bat izan dut. Barkamena eskatu beharra daukat». Arduradunekin izandako elkarrizketak norabidez aldatuz joan omen dira denborak aurrera egin ahala, eta udaberri hasieran «bukaera zantzuak» nabaritu zituen. «Busti zitezela eskatu nien, behar nuelako. Ezin nuen hala jarraitu». Azkenean, atea zabaldu dio klubak. Autokritika ere egin zuen kapitainak. «Gehiago ez badut jokatu, agian izango da zerbait falta izan zaidalako. Denak du hasiera eta bukaera bat».

Futbolean gozamen hutsez hasi zen jokatzen Oier. «Ez nuen goi mailako jokalari izateko pretentsiorik». Horrek «oinak lurrean izaten» lagundu omen dio. «Ez naiz burbuila batean bizi izan». Mallorcaren aurka egin zuen debuta, duela hamabost urte, eta talde beraren aurka itxiko du zirkulua. Bidean, mito bihurtu da zaleentzat, eta erreferente taldekideentzat. Talde barruan arrastoa utzi die askori, izan nafar, izan kanpotar. «Gakoa zera izan da, pertsona naturala, normala eta maitakorra izatea. Errespetuz jokatu dut beti». Entrenatzaileentzat ere bendizioa izan da, zelaian ia edozein postutan jokatu duelako, eta leku guztietan kunplitu.

Xehe-xehe errepasatu du Osasunako jokalari gisa osatutako ibilbidea. Unerik zailena, belauna bigarrenez apurtu zuenekoa izan omen da. «Erretiroa hartzekotan izan nintzen. Oso gogorra izan zen, eta traumak utzi zizkidan». Eta momenturik onena, zein? «Bada, agian, gaurko ekitaldia bera. Nire seme-alabek ikusi izana zer-nolako babes eta maitasuna jaso dudan denen partetik».

Futbolean jarraitu nahiko luke, baina dena zehazteko dauka. «Oraindik badaukat erregaia. Ez diot atea ezeri eta inori ixten. Etorkizun hurbilak esango du. Agian, ez dut jarraituko, batek daki». Lehenik, Osasunarekin jokatuko duen azken partidaz gozatu nahi du. Zaleek gorazarre handia egingo diote. Gaur, haiekin batera abestu du: «Osasuna, beti jo eta ke, goazen gorriak garaipenera arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.