Euskara

Euskara Aurrera-ren manifestazioa «zabala eta askotarikoa» izan dadin nahi dute deitzaileek

Parte hartzera dei egin diete «etorkizuna euskaraz irudikatzen duten guztiei». Mugarri izan nahi du mobilizazioak, euskararen aldeko «herri bultzada» aktibatzeko. 2.200 lagunek baino gehiagok sinatu dute Euskara Aurrera-k sarean eskegitako manifestua.

Euskara Aurrera egitasmoaren aurkezpena, apirilaren 5ean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko maiatzaren 20a
13:30
Entzun

Euskaltzaleei egin diete deia, baina adierarik zabalenean. Izan ere, Euskara aurrera lelopean bihar Donostian egingo duten manifestazioa «zabala eta askotarikoa» izatea nahi dute deitzaileek. «Etorkizuna euskaraz irudikatzen duten guztiena» da mobilizazioa, azpimarratu dutenez: «Euskaldun berri eta zaharrena, gazte eta helduena, euskaltzale peto-petoena, hizkuntza ikasteko aukera izan ez dutenena… Azken batean, euskarak aurrera egitea merezi duela uste duten guzti-guztiena». Horiei guztiei «Donostiako kaleak betetzeko» gonbita egin diete, ohar batean.

Euskararen aldeko «herri bultzada» aktibatzeko bidean, mugarri izan nahi du mobilizazioak. Gizarte zibila aktibatu eta haren eta instituzioen arteko «akordio berria» galdegin dute deitzaileek. «Euskaraz bizi nahia egingarri egin», eta, funtsean, «Euskal Herri euskalduna» lortzea dute helburu. Alabaina, eskubideen eta aniztasunaren defentsa ere egin dute deialdiaren bidez, hizkuntza eskubideak bermatzeak ezinbestean horiek ere indartzen duela iritzita. Euskarak «hizkuntzen, hizkuntza komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari» ekarpena egiten diola uste dute, eta, halaber, euskara «herri kohesiorako zuntza» dela. Horregatik, hizkuntza eskubideak errespetatzea «justizia eta demokrazia auzia» dela aldarrikatu dute.

Hizkuntzaren biziberritzean azken urteetan urrats handiak egin dira hizkuntzaren biziberritze prozesuan, deitzaileen arabera: «Orain dela hamarkada batzuk hilzorian zegoen, eta guztion artean emaniko hauspoak berriz bizitu zuen, ezinezkoa bazirudien ere». Hala ere, normalizazio prozesua bururaino eramatetik urrun, azken urteotan «geldialdia» sumatu dute, eta egun euskara «makalaldian» dagoela ohartarazi. «Batetik, ez dute etenik euskararen aurkako erabaki politiko eta judizialek, eta horrek ez du laguntzen aurrera egin dezan. Bestetik, interkomunikatuta bizi garen garai ezegonkor hauetan kokatu nahian eta ezinean ari da gure hizkuntza, gero eta lausoago, pandemian ikusi dugun moduan».

Antzera mintzatu ziren euskalgintzako eragileak manifestazioari atxikimendua erakusteko egin zuten agerraldian. Euskarak XXI. mendean dituen «zailtasunei» eta «erronkei» parez pare begiratzeko beharra azpimarratu zuten, eta horiek tamainako erantzun bat behar dutela aldarrikatu. Joanmari Larrarte Elkarreko zuzendariak adierazi zuenez, «egungo hizkuntza politikak aski-ezak dira euskarak esku artean dituen erronkei erantzuteko».

Maldan behera doan elur bola baten antzera, astez aste handiagoa egin da Euskara Aurrera egitasmoa, eta atxikimendu gehiago bildu ditu. Mobilizazioaren helburuetako bat manifestazioa «denena» izan dadin dela nabarmendu dute haren sustatzaileek, eta, «hein handi batean», lortu dutela hala izatea, hainbat eragilek eta norbanakok bere egin baitute. Euskalgintzako hamabi eragile atxiki zitzaizkion iragan astean, eta, horrez gain, antolatzaileek nabarmendu dute «kulturgintzako, euskalgintzako eta kirol alorreko aurpegi ezagun askok» ere babestu dutela, izan agerraldietan parte hartuz edo egitasmoak sareen bidez zabaldutako bideoak bidaliz. Horien artean dira, beste hainbaten artean, Oinatz Bengoetxea pilotaria, Itziar Ituño aktorea, Nerea Ibarzabal bertsolaria eta Kukai dantza konpainiako kideak. BERRIA Taldeak berak ere egin du bat manifestazioarekin.

Halaber, sinadura bilketa bat ere abian da egitasmoari atxikimendua erakusteko, eta dagoeneko 2.200 lagunek baino gehiagok sinatu dute manifestazio deialdiarekin batera zabaldutako manifestua. Horrez gain, antolatzaileek jakinarazi dute hainbat lekutan autobusak antolatu dituztela mobilizaziora joateko. Hala egin dute Gasteizen, Iruñean, Baionan eta Bilbon, besteak beste. Beste zenbait lekutan autoz edo trenez elkarrekin joateko hitzorduak jarri dituztela ere gaineratu dute.

Gazteen gidaritza

Biharko mobilizazioak, halaber, irudikatuko du belaunaldi berri batek euskararen aldeko borroka bere egiten duela, bere molde berezituekin eta euskalgintzako gainerako eragileekin elkarlanean. Izan ere, gazteak izan dira mobilizazioaren sustatzaile nagusiak, hasieratik. Gainera, azken urteetan gazte mugimenduan euskararen bueltan aktibatuta ibili diren gazteek borroka hori are egituratuago egiteko tresna bat sortu dute berriki: Gazte Euskaltzaleen Sarea. «Euskararen aldeko borrokan gazte ikuspegia txertatu» eta, aldi berean, «belaunaldi oso bat borroka horretara batu» nahi dute, Oihane Camon kideak BERRIAri adierazi zionez.

Belaunaldi perspektibarenak badu garrantzia sarearen ekinbidean, baita borroka moldeetan ere. «Euskaraz biziko den belaunaldia izan nahi dugu, eta uste dugu belaunaldi moduan heldu behar diogula auzi horri», azpimarratu zuen Camonek, eta sarearen egituraketan garrantzia izan dute lekuan-lekuan hizkuntza eskubideen alde egiten ari diren borrokek; NUPeko Euskara Taldeak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskaraz ikastearen alde egiten ari denak alegia, edo Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egin ahal izateko ikasleek abiarazitako mobilizazio zikloak, kasurako. Euskaraz bizitzeko oztopoak egunerokoan eta euren bizipenetan presente dituztela erakusten dute borroka horiek. Hain justu, horrek aktibaziorako duen garrantzia aipatu zuen Begoña Garaikoetxea sareko kideak, BERRIAk asteon argitaratutako elkarrizketan, feminismoa adibidetzat jarrita: «Feminismoak erakutsi digu ikusten zer problematikak zeharkatzen gaituzten, eta euskararekin ere uste dut ari dela gertatzen hori. Eskubide urraketen kontzientzia hartze bat badago, zuzenean ukitzen baikaituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.