Klima larrialdia

2020a izan da Pirinioetako urterik beroena, gutxienez 1959tik

Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiak ondorioztatu duenez, batez besteko tenperatura 1,6 gradu igo da, eta prezipitazioa %8 jaitsi.

Belagua mendatea, Nafarroan, Pirinioak. JESUS DIGES / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 20a
15:47
Entzun

Pirinioetako klima inpaktuaren bilakaera aztertu du OPCC Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiak, Adapyr proiektuarekin. Duela bi urte eta erdi abiatu zuten ikerketa, eta, ondorioztatu dutenez, 1959tik 2020ra bitartean Pirinioetako batez besteko tenperatura 1,6 gradu igo da; horrela, 2020. urtea azken 62 urteetako beroena izan dela ohartarazi dute. Era berean, adierazi dute urteko batez besteko prezipitazioa %8 jaitsi dela eta Pirinioetako glaziarren erdiak desagertu direla.

Adapyr proiektuak Okzitania, Akitania Berria, Hego Euskal Herria, Aragoi, Katalunia eta Andorra barne hartzen ditu, «mugak gainditu eta ondare hori zaintzeko» elkarlanean aritzeko asmoz. Proiektuaren helburua da klima aldaketaren eraginak eta ondorioak behatzea, baita horietara egokitzeko «estrategia piriniotarra» definitzea ere.

2020ko otsailean hasi zuten proiektua; PLE Pirinioetako Lan Elkarteak bultzatuta, eta Interreg V-A Programako Europako funtsek finantzatuta. Proiektuarekin EPiCC klima aldaketari buruzko Pirinioetako lehen estrategia ondu dute, klima ekintzan lankidetzan aritzeko estrategia bat, hain zuzen. Estrategia hori bost esparrutan oinarritzen da: kliman, mendiko ekonomian, ekosistemetan, biztanlerian eta lurraldean, eta gobernantzan.

Mikel Anton Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendari eta PLEko idazkari nagusiaren arabera, proiektua «handikap bat» izan da, eta Eva Garcia-Balaguer OPCC behatokiko koordinatzaileak elkarlanaren garrantzia nabarmendu du. Horrela, adierazi du 11 urte daramatzatela lankidetzan, eta «seiehun erakunde baino gehiago» aritu direla elkarlanean. Horren harira, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak azaldu du bakarrik «ezer gutxi» egin daitekeela, eta «benetako maila anitzeko gobernantza klimatikoaren» alde behar dela. Gazteen garrantzia ere nabarmendu du Barredok, eta gaineratu gazteek eta eskualdeek «eragile nagusi» gisa jokatzen dutela klima aldaketaren eraginak geldiarazteko orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.