indarkeria matxista

Bost urteko espetxe eskaera, bikotekidearen alabari sexu abusuak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren arabera, ustezko erasotzaileak 2013tik 2016ra bitarte egin zizkion erasoak adingabeari.

2022ko maiatzaren 20a
19:25
Entzun

Gipuzkoako Fiskaltzak bost urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du gizon batentzat, ustez bere bikotekidearen alabari sexu abusuak egiteagatik. Biktimak hiru urtez jasan zituen abusuak, 2013tik 2016ra bitarte; hau da, 11 urte zituenetik 14 bete arte.

Efe albiste agentziak, Fiskaltzaren behin-behineko akusazioan jasotakoen berri eman du, eta, haren arabera, ustezko erasotzaileak biktimarekin bakarrik geratzen zen uneak baliatzen zituen, bikoteak Errenterian (Gipuzkoa) zuen etxebizitzan. Fiskaltzak jaso du «bularra eta genitalak ukitzen» zizkiola. Hala, espetxe zigorraz gain, zortzi urtez biktimarengana hurbiltzeko debekua ere eskatu du, eta mila euroko kalte ordaina exijitu.

Derrigortze delitua

Gipuzkoako Auzitegian, astelehenean hasiko da bere emaztearen «mendekotasun emozionala» eta nahasmendu bipolarra bere onurarako erabili izanaz akusatutako gizonezkoaren aurkako epaiketa. Fiskaltzaren arabera, gizonezkoak «muturreko egoera sozioekonomikoan» utzi zuen biktima, eta behar zuen arreta ukatu zion.

Behin-behineko akusazioaren arabera, 2010ean ezkondu zen bikotea, emakumeak buruko nahasmenduaren aurkako tratamendua hasi zuen urte berean. Efe agentziak jaso duenez, gizonezkoak emakumearen osasun egoera baliatu zuen haren ondarea «esklusiboki» kudeatzeko, «mendekotasun emozional handiaz aprobetxatzeko asmoz». Emazteari «laguntza ekonomiko eta pertsonala» emateari uko egin zion, eta zenbait mailegu eskatzeko konbentzitu. Hala, besteak beste, gizonezkoak etxe bat eta bi auto erosi zituen. Fiskaltzak emakumearen «babesgabetasun egoera» ere salatu du. Izan ere, haren etxea itxi behar izan zuen Donostiako Udalak, eta hura Donostiako Ospitaleko zerbitzu psikiatrikoetan ospitaleratu.

Fiskaltzak integritate moralaren aurkako delitu bat, eta derrigortze delitu jarraitu bat leporatzen dizkio gizonezkoari. Hala, hiru urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat, baita zazpi urtez biktimarengana gerturatzeko debekua ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.