Erkorekak esan du Bilboko hilketen auziak loturak dituela nazioartean

Eusko Legebiltzarrean agerraldia egion du Segurtasun sailburuak, eta jakinarazi du Ertzaintzaren barruan izandako filtrazioak ikertzen ari direla.

Josu Erkoreka, gaur, Eusko Legebiltzarrean. L. RICO/ EFE
Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 23a
20:04
Entzun

Bilboko hilketen susmagarriari buruzko auziaz azalpenak eman ditu gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean, PP+C’s taldeak eskatuta. Instrukzio epaileak sekretupean du afera, eta, hori dela eta, informazio urria eman du Erkorekak agerraldian. Abian den ikerketak eskatzen duen «zuhurtziarekin» mintzatu da, eta orain arte bide ofizialetik zabaldutako informazioa berretsi besterik ez du egin.

Hala ere, hiru berritasun eman ditu. Lehena:Ertzaintza «Espainiako eta beste estatu batzuetako» poliziekin elkarlanean ari dela ikertzen, auziak nazioartean ere loturak dituelako. «Euskadin ez ezik, adarrak ditu Euskaditik kanpo ere», esan du. Erkorekak ez du zehaztu ikerketa zer herrialdetara zabaldu den, baina baieztatu du susmagarriak nazioartean ere eraso egin zuen zantzuak badirela. Bigarren ideia bat eman du sailburuak: hilketak argitzeko Ertzaintzak abian duen ikerketa «konplexua» eta «luzea» izango dela. Eta horri lotuta eman du hirugarren mezua:ikerketaren barruan «jarrera eta gertaera batzuk» frogatu direla, baina oraindik badirela frogatu beharreko «beste asko eta asko». Halaber, ohartarazi du ikerketa «arrakastatsua» izangobada Ertzaintzari eta justiziari lanean utzi behar zaiela.

Hilketen susmagarriari gorroto delitu bat egotziko ote zaion ez du argitu Erkorekak, eta horren inguruan ere «zuhurtziaz» jokatzeko galdegin du. Horri loturik, «lasaitasun mezua» bidali nahi izan dio gizarte osoari, baina bereziki LGTBI+ kolektiboari, auziak ezinegona eragin baitu talde horren barruan. Ertzaintzarengan konfiantza izateko eskatu du Erkorekak: gogorarazi du Poliziak hilabeteak daramatzala auzia ikertzen, eta argitu egiten dituela homizidio kasu ia guztiak.

Filtrazioak
Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 6an jakinarazi zuen ErtzaintzaBilbon hilik agertutako sei gizonen heriotza ikertzen ari zela. Susmagarritzat jo zuten gizonezko batek bere burua aurkeztu zuen polizia etxean, eta espetxeratzeko agindu zuen epaileak. Instrukzio epaileak sekretupean du ikerketa, baina azken asteotan ikerketari buruzko filtrazio ugari izan dira komunikabideetan. Azkenetarikoa La Vanguardia egunkariak eman zuen joan den astean: jakinarazi zuen Katalunian ere identifikatu dutela ustezko hiltzailea. Kasu guztien arteko lotura posibleak ikertzen ari dira, baita ustez beste herrialde batzuetan egindako erasoak ere, Erkorekak baieztatu duenez.

Hala ere, egon diren filtrazioengatik kezkatuta agertu da. Ohartarazi du operatiboaren edukiak «lau haizeetara zabaltzeak» kolokan jartzen duela ikerketaren eraginkortasuna, eta, aldi berean, kalte egiten diola herritarren segurtasunari. Gogora ekarri du sumariopean diren auzibideak sekretuak direla ahozko epaiketa izan arte, etahoriei buruzko informazioa zabaltzea arau hauste larria dela. Kasu honetan, filtrazioak Ertzaintzatik bertatik egin diren susmoa du Segurtasun Sailak, eta, erantzukizunak argitu aldera, barne ikerketa bat abiatu du. Erkorekak «oso larritzat» jo ditu filtrazioak: «Polizia batek egin dezakeen gauzarik larrienetakoa da».

Legebiltzar taldeak ere kezkatuta agertu dira filtrazioekin, bai eta horren ondorioz kolektibo jakin batzuk «estigmatizatzeko» joerarekin ere. Auziak gizartean sortu duen jakin-mina ulertzekoa dela adierazi du Erkorekak, areago euren burua arriskuan ikusi duten pertsona eta kolektiboen kasuan, eta «arduraz» jokatzeko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.