Asia-Pazifikoan Txinari aurre egiteko neurriak adostu ditu Quad aliantzak

AEBek, Indiak, Japoniak eta Australiak Pekini leporatzen diote Indopazifikoan 'statu quo'-a «indarrez» aldatu nahi izatea. Ohartarazi dute eskualdean ezin dela Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren «antzekorik» gertatu.

Quad aliantzako lau herrialdeetako liderrak, gaur, Tokion. EFE
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 24a
14:09
Entzun

Adierazpen bateratuan ez dute Txina aipatu, baina Txinaz ari dira. AEBek, Japoniak, Indiak eta Australiak leporatzen diote «indopazifikoan bereziki» statu quo-a «indarrez» aldatu nahi izatea. Horregatik, lau herrialdeek osatutako Quad aliantzak adostu ditu Asia-Pazifikoan Pekini geoestrategikoki aurre egin ahal izateko neurri batzuk. Planaren arabera, Pazifikoko uharteekin duten lankidetza indartuko dute, horien garapena eta jasangarritasun ekonomikoa babestuko dute, eta konpromisoa hartu dute hurrengo bost urteetan 50.000 milioi dolar —46,6 mila milioi euro— inbertitzeko eskualdean azpiegiturak egiteko proiektuak finantzatzeko.

2007an sortu zuten aliantza, eta lau herrialdeetako gobernuburuak aurrez aurre bildu dira gaur, bigarren aldiz. Tokion izan da bilera, eta, adierazpenaren berri eman ondoren, agerraldia egin dute Joe Biden AEBetako presidenteak, eta Anthony Albanese Australiako lehen ministroak, Fumio Kishida Japoniakoak, eta Narendra Modi Indiakoak. Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren harira, Kishidak nabarmendu du nazioarteko ordenaren oinarriak «astindu» dituela, eta indopazifikoan ezin dutela «antzekorik» gertatzen utzi. Bidenen esanetan, AEBen asmoa da indopazifikoa «irekia, segurua eta indartsua» izatea. Quaden bidez Asia-Pazifikoan NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakunde «txiki bat» hauspotu nahi izatea egozten die Pekinek herrialde horiei.

Txinak baieztatu du, hain zuzen, Wang Yi Atzerri ministroak bira bat hasiko duela etzi ostegunarekin, eta Asia-Pazifikoko zortzi herrialdetara joango dela: Salomon Uharteetara, Kiribatira, Fijira, Samoara, Tongara, Vanuatura, Papua Ginea Berrira eta Ekialdeko Timorrera. Duela hilabete pasa, segurtasun lankidetzako akordio baten berri eman zuten Txinak eta Salomon Uharteek. Itun horrek ezinegona sortu du eskualdean, eta Australiak eta Zeelanda Berriak uste dute Pekinek hori baliatu nahi duela ingurunea militarizatzen hasteko eta eskualdean posizionatzeko. Txinak, ordea, ukatu egiten du akordioak asmo hori duenik.

Horren guztiaren harira, Quadeko herrialdeek sinatutako adierazpenak gaitzetsi egiten ditu «lehian dauden eremuen militarizazioa», kostazainek eta itsas miliziek ontziei ematen dieten «erabilera arriskutsua», eta itsasoko baliabideak ustiatzeko beste herrialde batzuen jarduerak «oztopatzeko ahaleginak».

Biden, Taiwanez

Lehian dauden eremuetako bat da Taiwan, Txina hegoaldeko itsasoan. Bidenek atzo adierazi zuen AEBek militarki esku hartuko dutela baldin eta Pekinek uharte horri eraso egiten badio. Txinak Etxe Zuriko maizterraren adierazpenak gaitzetsi zituen, eta «suarekin jolastea» leporatu zion. Bidenek erabaki du polemika hori ez elikatzea. Izan ere, Washingtonek, legez, Taiwani armak eman behar dizkio bere burua defenda dezan, baina azken hamarkadetan indarrean izan den «anbiguotasun estrategiko bat» mantenduz.

Kazetariek Bideni galdetu diote ea aldaketarik egon den AEBek Taiwanen inguruan duten politikan, eta ezetz erantzun du. «Inondik inora ez da aldatu politika hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.