Adegik ohartarazi du irabazi tarteen galerak enpleguan eragingo duela

«Azken hamarkadetako egoera konplexuenean» egon arren, patronalak dio enpresek eusten diotela, eta 2022rako aurreikuspenak mantendu ditu. Eraikuntzako eta industriako kostuak garestitu dira gehien.

Jose MIguel Aierza, Eduardo Junkera eta Patxi Sasigain, Adegiko buruzagiak, astearte honetan egindako agerraldian. GORKA RUBIO  / FOKU
jokin sagarzazu
2022ko maiatzaren 24a
16:21
Entzun

«Azken hamarkadetako egoera zalantzazkoena eta konplexuena» du Gipuzkoako ekonomiak, Adegiren iritzian. Patronalak ez daki zenbat iraungo duen, baina ez du uste arazoa koiunturala denik, urte hasieran adierazi zuen moduan. Ukrainako gerrak areagotu ditu orduko kezka iturri nagusiak. Gaur egun, lehengaien hornidurarekin izaten ari diren arazoak eta produkzio kostuen igoeren eraginak are handiagoak dira, eta hori enpresen errentagarritasunean ari da eragiten, eta modu nabarmenean gainera, patronalaren arabera. Azaldu du enpresek «eusten» jarraitzen dutela, baina ohartarazi du arazo horiek jarraitzen badute «epe labur-ertainean» enpleguan ere nabarituko direla ondorioak.

Lurraldeko enpresen artean egindako inkestaren emaitzak aurkeztu dituzte astearte honetan Adegiko buruzagiek, Donostian egindako prentsaurreko batean. Aurrekoa Ukrainako gerra hasi aurretik egin zuten, eta ordutik «eszenatokia okertu» egin dela azpimarratu dute. Hala eta guztiz ere, ziur agertu dira lurraldeko enpresak gai izango direla egoera gainditzeko, «hamarkadetan egin duten moduan». Horretarako, baina, langileei ere ahalegin bat eskatu diete. «Elkarren eskutik joan beharko dugu enpresek, bertan lan egiten duten pertsonek, administrazioek eta gizarteak, oro har», adierazi du Jose Miguel Aierzak, Adegiko zuzendari orokorrak.

Inflazioaren eragina soldatetara eramateko orduan, badira hilabete batzuk patronalak bere kideei aholkatu ziela hori urte batzuetan banatzea. Aierzak berretsi du patronalak formula horri eusten diola, eta azpimarratu du lurraldeko enpresa batzuk ari direla akordioak lortzen sindikatuekin.

Gipuzkoako bi enpresatik batentzat izaten ari da arazo bat soldatak KPIaren arabera igotzea. Kezka nagusia, dena den, hornikuntza arazoak eta lehengaien prezioen garestitzea da, bereziki energienak: hamarretik zortzik diote hori, eta nagusiki bi sektoretakoek: eraikuntzako enpresa guztiek eta industriako hamarretik bederatzik. Zerbitzuetan, berriz, bitik batek.

Hornidura eta energia arazoak eta soldatak igoerak kontuan hartuta, Adegik dio hiru enpresatik batek errentagarritasun arazoak dituela, Fakturazioa apur bat handitu den arren (%1,8 iazko azken hiruhilekoarekin alderatuta), salmenten errentagarritasuna erdira jaitsi dela dio. Joera hori denboran luzatuz gero, susperraldia ezbaian jar daitekeela ohartarazi du Aierzak.

Hala ere, baikor

Dena den, baikor azaldu da Adegiko zuzendari orokorra. Urte hasierako agerraldian, Adegik aurreikusi zuen aurten 5.000 enplegu sortuko zirela, eta inkestak dio enpresen %93k egungo lantaldeak mantendu edo handitzeko asmoa dutela. Horrez gain, eta egoerak okerrera egin duela uste duten arren, patronaleko kideek urte hasieran egin zituen hazkunde aurreikuspenei eusten diete. %4 eta %5,5 artean kokatu zuten orduan, eta, urteko lehen erdian azpitik egongo diren arren, urte amaierarako edo datorren urteko lehen hiruhilekorako maila horretara iristea aurreikusten dute, %4ra behintzat.

Gaurkotasuneko beste gai batzuk ere izan ditu mintzagai Adegiko zuzendari orokorrak. Siemens Gamesari buruz eta Zedarriak enpresari foroaren txostenari buruz galdetu diote kazetariek, baina bi gaien inguruan ez du baloraziorik egin nahi izan. Gamesaren kasuan, aipamen txiki bat egin du: gainerako enpresek bizi dutenarekin konparatu du Zamudioko taldearen egoera; duen arazo larriena errentagarritasun falta dela azpimarratu du. «Hilabeteak daramatza, urteak esango nuke, emaitza negatiboak ematen, errentagarritasun arazo argiekin». Enpresaren balizko deslokalizazioari buruz, berriz, ez du iritzirik eman nahi izan, haren ustetan, orain patronalari ez dagokiolako horri buruz mintzatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.