Mugi eta Txik Txak txartelak erabilgarri egonen dira Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian 2023tik aurrera

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak eta Ipar Euskal Herriko Mugikortasun Sindikatuak hitzarmen bat sinatu dute garraio publikoak uztartzeko, eta udatik aurrera Txik Txak txartela Donostiako autobusetan erabili ahal izango da.

Autobus bat, Donostian, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
2022ko maiatzaren 24a
18:43
Entzun

Gipuzkoak, Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak beste urrats bat egin dute lurraldeetako garraio publikoak batzeko. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak eta Ipar Euskal Herria-Iturriko Mugikortasun Sindikatuak sinatutako hitzarmenaren arabera, bi erakundeek «garraio publikoetako sareen arteko lehen interkonexioa gauzatu» dute. Adierazi dutenez, «aste batzuen buruan», Txik Txak txartela —uztailaren 23an jarriko dute martxan— erabilgarri izanen da Donostiako Dbus autobus zerbitzuan. Aukera hori Gipuzkoako garraio zerbitzu guztietara zabalduko da 2023an. Era berean, Mugi txartela Ipar Euskal herriko garraio zerbitzuetan erabili ahal izango da.

Rafael Romero Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidenteak eta Jean François Irigoien Ipar Euskal Herria-Aturriko Mugikortasun Sindikatuko presidenteak eman zuten herenegun hitzarmenaren berri, Hendaian (Lapurdi) egindako agerraldi batean. Akordioa E-Mobask eta Smartmob proiektuen emaitzetako bat da, eta helburu du «Baiona eta Donostia arteko lurraldean eta Txingudiko badian garraio publikoaren erabilera sustatzea». Izan ere, «Bidasoa ibaiaz gaindiko langileen premiei erantzuteko eta mugikortasun iraunkorrerako irtenbideak ezartzeko tresna» da.

Zehazki, Baiona-Donostia Euskal Eurohirian garraio publikoa sustatzeko sortu zen E-Mobask proiektua, eta Txingudiko Badiako «langileen, herritarren eta bisitarien mugikortasun iraunkorra errazteko», berriz, Smartmob. Hala, azaldu dute datorren urtean emango den pausoak eragin nabarmenena izango duela Irun eta Hendaia batzen dituzten lineatan, txartelak bateragarri egitearen xedea delakoan «garraio publikoa sustatzea eta sistema hobetzea».

Era berean, iragarri dute 2028rako Baionatik Donostiara doan trenbide sarea sortu nahi dutela, 50 minutuan toki batetik bestera joateko. Donostiako autobus zerbitzuari dagokionez, berriz, haietan kreditu txartelarekin eta QR kodearekin ordaintzeko aukera ere martxan jarriko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.