Italiako Giroa

Podiumean sartu da Landa, Giroa bukatzeko lau etaparen faltan

Buitragok lortu du garaipena, ihesean. Carapaz da lider oraindik ere.

Santiago Buitrago garaipena ospatzen. ITALIAKO GIROA
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 25a
18:10
Entzun

Giroko podiumera igotzeko helburua gertuago du Mikel Landak (Bahrain). Erasoari lotu zaio 17. etapan, eta hirugarren jarri da sailkapenean: 1.04 atera dio Joao Almeidari (UAE), eta 49 segundora du orain. Portugaldarrak estu har lezake igandeko erlojupekoan, baina arabarrari mendiko beste bi etapa gelditzen zaizkio errenta handitzeko; eta, zergatik ez, maglia arrosarekin amets egiteko. Alta, gaur ere itzala bezala itsatsi zaizkio sailkapenean aurretik dituen bi txirrindulariak: Jai Hindley (Bora) eta Richard Carapaz (Ineos), lasterketako liderra. Hori gutxi ez, eta esprintean sei segundo atera dizkiote; lehen postua 1.05era geratu zaio. Gaur ekuadortarra gailendu da azken estutuan, baina gainsaririk ez zegoen jokoan.

Pozez zoratzen egoteko moduan da Bahrain taldea, Landa ondo ari baita, eta Santiago Buitragok altxatu baititu besoak Lavaroneko helmugan. Trago txarra izan du hastapenean, lurrera joan baita. Haatik, altxatu eta osatu egin da, eta garaitu egin ditu iheskideak. Bigarren Gijs Leemreize izan da (Jumbo Visma), eta hirugarren, Jan Hirt (Intermarche), atzoko irabazlea. Carapaz eta Hindley 2.53ra iritsi dira, bosgarren eta seigarren postuan, eta Landa hamargarren izan da, 2.59ra. Bilbaok 5.21eko atzerapena izan du, baina postu bat egin du aurrera nagusian: seigarren dago orain, 6.19ra.

Euripean eta maldan gora hasi dute etapa txirrindulariek, Passo del Tonalera bidean. Han izan dira lehen erasoak ihesaldia osatzeko, eta, azkenean, 25 txirrindulariko multzo bat egonkortu da lasterketa buruan. Lauk aurrea hartu dute Vetriolora (11,8 kilometro eta %7,7ko pendiza) iritsi aurretik: Mathieu van der Poelek (Alpecin), Felix Gallek (Ag2r), Alessandro Covik (UAE) eta Guillaume Martinek (Cofidis). Mendatea hastean, 1.20ren aldea ateratzen zieten ihesaldiko besteei; tropela, berriz, zazpi minutuko atzerapenarekin zetorren, helmugarako 44 kilometroren faltan. Etapa garaipenari muzin egin diote, berriz ere, Giroko indartsuenek.

Covi ezinean gelditu da lasterketa buruan, eta aurrekoekin bat egin dute Buitragok, Hirtek (Intermarche), Hugh Carthyk (Education First), Koen Bouwmanek (Jumbo Visma) eta Mauri Vansevenantek (Quick Step). Hortik gutxira, Leemreize batu zaie. Hots, bederatzi txirrindulari nabarmendu dira eguneko ihesaldian. Gailurrera Bouwman iritsi da aurrena, eta, hala, sendotu egin du mendiko sailkapeneko lidergoa. Tropelak, berriz, bost minutu geroago harrapatu du gaina, Bahrainen lemapean. Ekimena Landaren taldekideek hartu dute berriz ere, baina ez da erasorik izan. Onenek azken mendaterako utzi dute onena.

Monterovere zen, hain zuzen ere, etapako azken zailtasuna (8 kilometro eta %9,9). Hara buruan heldu dira Van der Poel eta Leemreize, maldan behera minutu eta erdiko tartea ireki ostean. Alpecinekoak eraso egin du helmugarako 15 kilometroren faltan, eta, hasieran, tinko eutsi dio aldeari. Alabaina, begi bistan mantendu du Leemreizek, eta gainditu egin du azkenerako. Atzerago, ziztuan atera da Buitrago, eta gora iritsi baino apur bat lehenago harrapatu du Leemreize. Arnasa hartu, eta lehertu egin du azken aldapan. Zortzi kilometro gelditzen ziren helmugarako, eta garaipenak ez dio ihes egin kolonbiarrari.

Indartsuenen artean, Almeida gurpiletik kanpo gelditu da. Hori, berez, ez da albistea, etapa menditsu guztietan baitabil gisa berean. Aldiz, gaur ezin izan dio tarteari eutsi. Landa, Carapaz eta Hindley nabarmendu dira berriz ere. Landa izan da erasokorrena, eta beste biek irmo ihardetsi diote. Indarrak oso pareko daude hiruren artean; oraingoz, behintzat. Bihar atseden hartzeko aukera izango dute, etapa laua jokatuko baita Borgo Valsugana eta Treviso artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.