Eduki babestua

2022ko Juul sari banaketa

Juul kanpainak gure haur eta gazteen artean euskaraz irakurtzeko zaletasuna piztea du helburu.

JUUL sari banaketa 2022. NAFARROA OINEZ
2022ko maiatzaren 26a
16:12
Entzun

Juul kanpainak gure haur eta gazteen artean euskaraz irakurtzeko zaletasuna piztea du helburu. Horretarako, zenbait ekintza egiten dira ikastoletan; horien artean, hauteskunde literarioak.

Aurtengoa XXIV. saioa izan da, eta Euskal Herriko ikastoletako haur eta gazteek 14.400 bototik gora eman dituzte gustukoen duten liburuari lotuta. Ilustratzaileei dagokionez, 7.500 bototik gora jaso ziren. Horiekin sortu da sarituen zerrenda.

Idazle sarituak honako hauek izan dira: Amaia Egidazu Dorotea liburuarekin, Almudena Cid Minutu eta erdiko munstroak liburuarekin, Ibon Martin Onineta denboraren makina eta Onin mitologiaren lurraldean liburuekin, Enara garmendia Hiru gara, baina niri bost! liburuarekin, Jasone Osoro Go!azen New York, New York eta Festa liburuekin, Estibaliz Vivanco Argixorgin liburuarekin, Jon Arretexe Beti iparralderantz liburuarekin eta Jhon Andueza Magali ez dago bakarrik liburuarekin.

Ilustratzaileak aintzat hartuta: Emmanuel Montiel, Eider Eibar eta Joseba Larretxe Josevysky.

Atzo egin zuten idazle eta ilustratzaile bozkatuenei sariak banatzeko ekitaldia. Tafallako kulturgunean izan zen, 2022ko Nafarroa Oinez antolatzen ari den Garcés de los Fayos Ikastolako familia, langile eta ikasleen laguntzaz. Azken horiek dantza ederra egin zuten, Nafarroa Oinezen maskota den Ezkurtxo lagun zutelarik.

2022ko Juul sari banaketa 2022. NAFARROA OINEZ

Halaber, bertan izan ziren Tafallako alkatea den Jesus Arrizubieta eta Euskarabideako zuzendari-gerentea den Mikel Arregi, baita Euskal Herriko Ikastolen ordezkariak ere.

Urtero legez, Juul saria Euskal Herriko artista batek sortu du. Aurtengoan Fernando Pagola artistaren lana izan da.
Ohi bezala, sarituak izan diren idazleen eta ilustratzaileen erantzuna bikaina izan da, eta Nafarroako Ikastolen Elkartea oso eskertuta dago haien parte hartzearekin.

Nafarroako Ikastolen Elkarteko Elena Zabaleta Andresaren hitzetan, «gure gizarte aldakor honetan gutxi irakurtzen omen dugu, eta irakurtzeko zaletasuna sustatzeko zer egin daitekeen kezka iturri da eremu ezberdinetan. Hala gertatzen da gure ikastoletan ere. Horregatik, Juul kanpaina egoera horri aurre egiten laguntzeko tresna-bidea izan daitekeela uste dugu, edo, behintzat, hala izatea nahiko genuke».

Ekitaldia streaming bidez eman zen, eta lotura hauen bidez ikus daiteke:

https://www.youtube.com/user/NIEikastola
https://www.youtube.com/watch?v=tsXuf4cXKkU

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.