Italiako Giroa

De Bondtek iazko arantza atera du

Flandriarrak hirugarren etapa garaipena eman dio Alpecin taldeari aurtengo lasterketan. Lau laguneko ihesaldia heldu da helmugara. Iaz, laugarren izan zen etapa batean.

Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 26a
18:05
Entzun

Dries de Bondtek ziklista langileei gorazarre egin die gaur. Hura ere multzo horretakoa izanik, bere artaldeari egin dio oparia: Italiako Giroko etapa bat. Trevisoko helmugan, 18. jardunaldian, lehena izan da Flandriako ziklista. Hiru iheskideak utzi ditu atzean: Edoardo Affini (Jumbo), Magnus Cort (Education First) eta Davide Gabburo (Bardiani). Iazko arantza atera du Italiako lasterketa nagusian, laugarren egin baitzuen 11. etapan.

Gaurkoa laburra zen (156 km), eta mendiko bi etaparen ondorengoa. Etaparen garapenak ez du inor ezustean hartu, ihesaldia osatzea aurreikusten baitzen. Esprinterren taldeak lanean aritzea ere espero zen, eta gertatu da hori ere. Baina ezustea, handia edo txikia: ez dira gai izan iheslariak harrapatzeko. Beste egun batzuetako krudelkeriarik ez da izan, ihesekoak azken unean harrapatu eta horrelakoak. Beste ezusteko bat izan da lasterketaren abiadura. Ziztuan ibili dira ziklistak, eta etenak ere izan dira tropelean. Besteak beste, Juanpe Lopez (Trek) geratu da atzean, maglia arrosa soinean zenbait egunez eraman zuen espainiarra. Jai Hindley (Bora) bigarren sailkatuak ere komeriak izan ditu, baina, matxura tarteko izan denez, eta azkeneko hiru kilometroen barruan, galerarik ez diote pilatu epaileek.

Sailkapen nagusian aldaketa etaparen atarian izan da. Joao Almeida (UAE) ez da atera, positibo eman duelako COVID-19an. Gertakari horrek mesede egin dio Mikel Landari (Bahrain), laugarren baitzen portugaldarra, euskal herritarrarengandik 49 segundora. Orain, Vincenzo Nibali da laugarren (Astana), Landarengandik 4.43ra.

Bihar 19. etapan, mendia jarriko zaie parez pare berriz. Marano Lagunare-Santuario di Castelmonte arteko ibilbidea osatu beharko dute. 178 kilometro, eta lau mendate: Villanova Grotte eta Tanamea (3.maila), Kolovrat (1.maila) eta amaierako gaina, Castelmonte (2.maila).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.