EITB

ELAk dio 356 lanpostu egonkortuko dituztela EITBn; LABek, berriz, 263 direla dio

LABek esan du ELAk «puztu» egin dituela kopuruak; ELAk azaldu du akordio desberdinetakoak batu dituela.

EITBren Bilbok egoitza. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 26a
18:59
Entzun

ELA sindikatuak duela egun batzuk azaldu zuen EITB Media taldean 356 plaza egonkortuko dituztela. LABek, berriz, esan du kopuru horiek «puztu» egin dituztela, eta aipatu du 263 lanpostu publiko egonkortuko dituztela —196 merezimenduzko lehiaketa bidez, eta 67 lehiaketa oposizio bitartez—.

LABek ELAri eskatu dio «arduraz» eta «gardentasunez» jokatzeko, «gizarteari eta langileei iruzur egiteari utzita». LABen arabera, ELAk egonkortze prozesuetara aterako diren plazak eta oposizio arruntaren deialdiari lotutako plazak nahastu ditu. «Alde batetik, LABek landu eta borrokatutako akordio baten bidez, joan den otsailean ETBko 57 langile finko egitea onartu zen, eta kopuru hori gehitu du ELAk. Baina langile horien egoerak ez du inolako zerikusirik lanpostu publikoak egonkortzeko ezohiko prozedurarekin». LABen ustez, aurretiaz sortutako gatazka judizial bat amaitzeko akordioa izan zen hura, eta 57 langile horiek finkoak dira dagoeneko.

ELAko ordezkari Igor Eizagirrek adierazi du 57 lanpostu horiek ere egonkortu egingo direla: «Akordio desberdinetakoak sartu ditugu zenbaketan. Berresten dugu 356 lanpostu direla». Gogorarazi du lehen ere esan zutela akordio desberdinak zeudela, «baina helburu berdina» zutela: «Estabilizazio akordioa lortzea».

LABek iragarri du «koherentziaz, zintzotasunez eta gardentasunez» jokatu duela: «Ez dugu salduko esperantza faltsurik, ezta datu okerrik ere. Ardura handia dugu, eta lan handia dago egiteko». ELAk zera erantzun du: «Ez dugu ulertzen zergatik LABek esaten duen gezurretan ari garela».
Enplegu publikoa egonkortzeko 20/2021 legeak zehazten ditu prozesuak egiteko epeak, deialdi motak eta irizpideak; horren arabera, lehen fasea ekainaren 1ean amaituko da. Ordurako administrazio eta enpresa publikoek zenbat lanpostu egonkortuko dituzten iragarri behar dute.

LABek dio «ezkutuan» eta «behin-behinekotasunean» egon diren lanpostuak argitaratzeko lanean aritu dela. «EITBren kasuan, helburu hori bete dugu, ordezkaritza dugun negozio unitate desberdinetan (ETB, Eusko Irratia eta EITBNet) ahalik eta plaza gehien egonkortzea lortu dugulako». Eginkizun horretan laguntza eskaini duten langileei eskerrak eman dizkie sindikatuak.

Bestalde, sindikatu berak nabarmendu du orain ez zirela hainbeste lanpostu egonkortuko LABek 2014an legez kanpoko kontratazioak salatzeko borrokari heldu izan ez balio.

EITBren webgunean, berriz, argitaratu dituzte egonkortuko diren plazak, prozesu tipologiaren arabera sailkatuta. Kopuruak ez du ez ELAk, ez LABek emandakoarekin bat egiten. 277 direla jaso du EITBk, eta beste 25 prozedura arruntaren bidez.

EITBn behin-behinekotasuna %15ekoa izango da orain. ELAk dio lanean jarraituko duela ehuneko hori txikiagotzeko. «%8ko helburuari eutsiko dio».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.