Euskara

Pantailak Euskaraz taldeak uste du aukera bat galdu dela Ikus-entzunezkoen Legearekin

Taldeak «anekdotikotzat» jo ditu hizkuntza koofizialei ezarritako kuotak, eta ekoizle independenteak «kinka larrian» utzi dituela kritikatu.

Hizkuntza gutxituen eskubideen aldeko eragileak, atzo, Madrilen. BERRIA
Iosu Alberdi.
2022ko maiatzaren 27a
13:13
Entzun

«Euskara pantailetan hauspotzeko galdutako aukera bat izan da». Hala definitu du Pantailak Euskaraz taldeak atzo Espainiako Kongresuan onartutako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrerako Proiektua, ez baitu uste «hizkuntza gutxituen berdintasuna» bermatuko duenik. Halere, adierazi du afera ez dela amaitu, eta bestelako urratsak eskatu ditu euskara ikus-entzunezkoetan sustatzeko.

Pantailak Euskaraz-ek «positibotzat» jo du euskarazko lanen finantzaketarako eta haiek plataformetan izan beharreko eduki kuotetarako gutxieneko batzuk ezartzea, baina horiek «nahiko anekdotikoak» direla kritikatu du. Euskarazko lanen finantzaketari dagokionez, plataforma handiek beren diru sarreren gutxienez %0,35 bideratu beharko dituzte horiek ekoizteko. Kuoten kasuan, berriz, edukien %15 gorde beharko dute estatuan egindako lanentzat, eta horren %10 hizkuntza koofizialetako bakoitzean —euskara, katalana eta galegoa— egindako telesail eta filmentzat.

Kuoten kasuan, baina, legeak egoitza nagusia estatuan duten enpresei soilik eragingo die. Hau da, betebehar horretatik kanpo geratuko dira «merkatuan nagusi diren» plataformak; besteak beste, Netflix, HBO, Prime Video eta Disney+. Erabaki horrek, beraz, kuotak ezartzearen eragina murriztuko duela uste du Pantailak Euskaraz taldeak, ezarriko zaien «erantzukizun konpromisoa» nahikoa ez delakoan.

«Aurrerapauso txikitzat» jo du, berriz, TVEn hizkuntza koofizialei emango zaien presentzia: zenbait eduki euskaraz, katalanez eta galegoz eskaini beharko dituzte, eta Clan haurrentzako kateak edukiak bikoiztu beharko ditu hizkuntza horietara. Plataforma pribatuen kasuan, berriz, kritikatu dute «oso mugatua» dela diru publikoz hizkuntza koofizialetan eginda dauden bikoizketak eta azpidatziak txertatzeko ezarritako betebeharra. Izan ere, lege proiektuak «teknikoki posible denean eta kosturik ez duenean» egiteko derrigortasuna besterik ez du ezartzen.

Kongresuko eztabaida ardaztu zuen gaietako bat ere tratatu du taldeak: ekoizle independente izaera definitzeko modua. Izan ere, PSOEk azken orduan txertatu zuen aferaren inguruko zuzenketa bat, eta horrek kontrako botoa ematera bultzatu zituen EH Bildu eta ERC, eta abstentziora Unidas Podemos. Pantailak Euskaraz-ek ere bat egin du kritikekin, eta ekoizle independenteak «kinka larrian» utziko dituela salatu: «Berez haiei bideratutako laguntzak enpresa handiek ere eskuratzea ahalbidetuko du. Hori oso larria da; izan ere, ekoizle independenteak izan dira orain arte euskaraz eta beste hizkuntza gutxituetan edukiak sortzeko apustua egin izan dutenak».

Espainiako Gobernuak PPren abstentzioari esker lortu zuen Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrerako Proposamenak urrats bat gehiago egitea, gehiengo soila eskuratzeko bidea eman baitzion. Legearen alde egin zuen EAJk ere, aurreko astean gobernuarekin hainbat zuzenketa adostu ostean. Orain, Senatura igaroko da proiektua. Han, gehiengo zabala dute PPk eta PSOEk, eta, aldaketarik ezean, popularren abstentzioarekin bihurtuko da lege.

Ez da amaiera

Lege proiektuaren onarpena, baina, ez da ezeren amaiera, Pantailak Euskaraz-en esanetan, eta pauso gehiagoren beharra adierazi du. Besteak beste, streaming plataformekin zuzenean negoziatzeko deia egin du, euskarazko edukiak zein azpidatzi eta bikoiztutakoak katalogoetara gehitu ditzaten, baita euskarazko bikoizketarako diru laguntza lerroak sortzeko eskatu ere. Era berean, beharrezko jotzen du «euskal hiztun komunitatearentzat erreferente» izango den euskarazko plataforma bat sustatzea. EITBri, berriz, bere bigarren katean euskararen presentzia areagotzeko exijitu dio.

Izan ere, ikus-entzunezkoen eremua «hizkuntzaren eta kulturaren garapenerako estrategikoa» dela adierazi du Pantailak Euskaraz-ek, hark euskararen erabileran duen garrantzia nabarmenduta. Soziolinguistika Klusterraren azken neurketak gogora ekarrita, taldeak uste du litekeena dela azken urteetako joerek lotura izatea, besteak beste, streaming plataformen zabalkundearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.