Nafarroako entitateei dei egin diete Euskaraldian parte hartzera

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute euskararen aldeko ariketa sozialaren hirugarren aldia.

Nafarroako zenbait entitateetako kideak Euskaraldiaren agerraldian, Iruñean. OLAIA L. GARAIALDE
Olaia L. Garaialde.
2022ko maiatzaren 27a
16:24
Entzun

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute Euskaraldiaren hirugarren aldia, Hitzez ekiteko garaia lelopean, eta parte hartu nahi duten Nafarroako entitateek egin beharreko urratsen nondik norakoak azaldu dituzte, Iruñean egindako agerraldian. 2020ean bezala, entitateen parte hartzea sustatu nahi dute, eta norbanakotik kolektibora «pausoz pauso» jauzi egin. Ekimenaren berri eman dute Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Euskaltzaleen Topaguneko Oskar Zapatak eta Iñaki Sagardoik.

Ariguneak zer diren ere gogora ekarri dute: «Euskaraz lasai aritzeko guneak dira». Horiek belarriprest eta ahobizi-z osatuta daude. «Rolak gaitasunari lotzeko joera dago, baina jarrerari eta norberaren erabakiei lotuta daude», azaldu du Sagardoik.

2018ko Euskaraldiaren balorazio positiboa egin dute, baina bertan ikusi zuten entitateen parte hartzea beharrezkoa zela. 2020ari dagokionez, pandemiak Euskaraldia baldintzatu zuela esan dute: «Ezin ginen kalean elkartu eta batzordeetan biltzeko arazoak zeuden». Hortaz, aurten 2018ko gogoa eta ilusioa berreskuratu eta handitu nahi dute.

Entitateek parte hartzeko urratsak ere azaldu dituzte: Euskaraldiaren berri jaso behar dute aurrena, eta proposamena aztertu eta prozesua abiatzeko erabakiak hartu behar dituzte gero. Ariketa adostuta, Euskaraldiko parte hartzea berretsi edo izena eman eta, eta arigune kopurua zehaztu behar dute. Segidan, entitateko kide guztiei jakinarazi behar diete, eta euskara bultzatzeko lehentasunezko neurriak erabaki eta gizarteratu behar dituzte. Gainera, parte hartuko duten kideei prestatzeko baliabideak eskaini behar dizkiete, eta balorazioa egin. «Garrantzitsua da adostasuna lortzea; bestela nekez lortuko dira helburuak», esan du Sagardoik.

Beste urteetan izena eman zuten norbanakoek eta entitateek ez dute aurten zertan berriz izena eman; mezu bat jasoko dute parte hartzea berresten dutela adierazteko. Horrez gain, adierazi dute edozein zalantza argitzeko prest egonen direla.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.