udako ikastaroak

Normaltasun akademikoa «erabat» berreskuratuko dute EHUren Udako Ikastaroetan

120 ikastaro eskainiko dituzte eredu mistoan –aurrez aurre eta online–, 30 aurrez aurre bakarrik, eta lau online bakarrik. Gaurkotasunarekin lotura estua duten zortzi erronka nagusi izango dituzte oinarrian ikastaroek.

Roberto Iñiguez de Onsoño, Jokin Bildarratz, Agustin Erkizia eta Itziar Alkorta, gaur, aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 27a
16:49
Entzun

«Azken bi edizioetan aldatu zen normaltasun akademikoa erabat berreskuratzea». Hori da, Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordearen hitzetan, 41. EHUren Udako Ikastaroen helburuetako bat. Izan ere, presentzialtasunak garrantzia hartuko du aurten: 120 ikastaro eskainiko dituzte eredu mistoan –aurrez aurre eta online–, 30 aurrez aurre bakarrik, eta lau online bakarrik.

Udako ikastaroak «formaziorako eta hausnarketarako topagune irekia» direla azaldu du Itziar Alkorta ikastaroen zuzendari akademikoak. Horregatik erabiliko dute aurten Ezagutzaren alde leloa: «Bizi dugun desinformazioaren aurrean, ezagutzaren alde eginbehar dugula uste baitugu». Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere nabarmendu du ikastaroen eta ezagutzaren arteko lotura: «Bukaerarik gabeko lehengai bat da ezagutza. Eta hori da hezkuntza, alegia, ezagutzaren sozializalizazioa edo demokratizazioa. Eta hori dira ikastaro hauek».

Gaurkotasunarekin lotura estua duten zortzi erronka nagusi izango dituzte oinarrian ikastaroek. Besteak beste, gobernantza modu berriak, berdintasuna, digitalizazioa, osasun mentala, zahartzaroa, jasangarritasuna, hezkuntza eta euskal kultura jorratuko dituzte. Programazioan, gainera, kontuan hartuko dituzte Ukrainako gerraren eragina, edota pandemiaren bilakaera eta ondorioak.

Ikusi gehiago:EHUren Udako Ikastaroetan 154 ikastaro izango dira aukeran

Ez hori bakarrik; maiatzaren hasieran aurreratu zuten bezala, aurtengo edizioa berrikuntzekin dator: fundazioak marka berria du, UIK, eta hori izango da urte osoko ikurra. Izan ere, urte osora zabalduko dute «ezagutzaren aldeko eskaintza», eta horretarako, webgune berria prestatu dute. Plataforma digital horretan eduki gehiago eskainiko dituzte, eta «bisualagoa, interaktiboagoa eta intuitiboagoa» da. Udako ikastaroak ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte egingo dituzte. Hala ere, «beti izango da muga horietatik kanpo antolatutako ikastaroren bat».

EHUren Udako Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago horiek hasten diren egunera arte, eta matrikula «erraz» egin daiteke haien webgunean edo mugikorraren bitartez. Aurtengo matrikulazioei dagokienez, «aurreikuspenen gainetik» daudela adierazi du Alkortak, Biktimologiako Nazioarteko Sinposioari esker; izan ere, horrekin 500 pertsona inguru elkartuko dira Donostian, ekainaren 5etik 9ra.

Ikastaroen inaugurazio ekitaldia ekainaren 21ean egingo dute, 17:30ean, eta hasierako hitzaldia Laura Rojas-Marcos idazle, psikoterapeuta eta Psikologia Klinikoko eta Osasunaren Psikologiako doktoreak emango du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.