Musika

Morauk eta Beñardok 'Ardo' disko-liburua kaleratu dute

Poesia, kantua eta ilustrazioa biltzen dituen «artefaktua» da, eta azaldu dutenez, ardoa hari hartuta, «pertsonen apologia» egin dute. Mattinen ilustrazioek osatu dute proiektua.

Iñaki Martiarena 'Mattin', Beñardo Goietxe eta Andoni Tolosa 'Morau'. MAIALEN ANDRES / FOKU
mikel lizarralde
2022ko maiatzaren 27a
18:23
Entzun

«Zein nahiago duzu? / fruitu lehor sail baten itzalaren zaporekoa / eta purpura gardena dena/ kolorez? / ala / gorputzez sendo / baina / hezetasun gutxiko / egun bateko haizearen arintasunekoa?» Horrela hasten da Andoni Tolosa Morau-ren Atarikoa poema, eta horrela segitzen du: «Zein ardo nahiago duzu? / ekialdeko arratseko / hasperen oihartzunak esnatzen dituena? / izatearen iragankortasunaz mintzo dena? / ala / iragana ispilatzen duena bere / gorputz dotore / eta / osotasun karratuan? poliedrikoa? / zilindrikoa? / parabolikoa? / ala / ez duzu poesia edateko gogorik». Atarikoa-k ematen dio hasiera Ardo-ri, Morauk, Beñardo Goietxe gitarristak eta Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariak elkarrekin ondu duten «artefaktuari», edo Goietxek umorez definitu duen moduan, poesia, kantua eta ilustrazioa biltzen dituen ardofaktoa-ri. Gaztelupeko Hotsak zigiluak kaleratu du lana.

Disko-liburuaren izenburuak agerian uzten du zein den poemak, kantuak eta marrazkiak lotzen dituen haria: ardoa. «Zientoka aldiz agertzen da ardo hitza, baina, berez, ez da ardoaz ari den artefaktu bat, baizik eta pertsonez ari dena. Gu ardozaleak gara. Gustatzen zaigu jendearekin konpartitzea eta jendearekin aritzea, eta abagune ederra eskaintzen du. Baina beste gauza askok bezala». Horregatik, garbi du kantari eta idazleak Ardo ez dela ardoaren apologia egiteko lan bat, baizik eta «pertsonen apologia» egitekoa. «Ardoa egiten dutenak, bizi dutenak, ardoaz bizi direnak... horietaz ari gara».

Ardo orain argitaratu duten arren, «oso luzea» izan da gaur egunera arteko bidea. «Beñardok eta biok erabaki genuenean ardoaren gaineko lan monografiko bat egin behar genuela, idazten hasi nintzen, eta konturatu nintzen oso gustura ari nintzela. Idatzi ahala, ohartu nintzen hamaika alde zeudela kantagarriak zirenak». Idazteak, baina, «abandonatuta» zuen alderdi batekin topo egitera ere eraman zuen Tolosa. Izan ere, poema liburu bat argitaratu zuen orain dela hiru hamarkada pasa (Satorrak, Susa, 1990), baina, orduz geroztik, kantua izan du bere testuak zabaltzeko tresna. Orain arte. «Bat-batean, zalantza sortu zitzaidan. Hauek, kantuetako letrak dira? Poemak ere izan daitezke?». Urtebete pasatu zuen idazten, «burutik kenduta» poema horiekin kantuak egin behar zituela, eta idazketa lana bukatuta, olerki horietatik dozena bat aukeratu eta kantu ere bihurtu zituen.

Morauk aitortu duenez, iritsi zen momentu bat, zeinetan erabaki behar zuten zein forma eman proiektuari. «Disko bat izango da? Disko-liburu bat? Eta halako batean Mattin ere sartu zen, eta orduan ikusi genuen artefaktu bat egin behar genuela».

Popa, folka eta rocka
Aspaldiko lagunak dira Morau eta Goietxe, eta lehenengoaren Amodio domestikoa diskoaz geroztik (2000), proiektu asko konpartitu dituzte. Oraingoan ere, gitarristaren ardura izan da Morauren kantuei jantzia jartzea. «Berak hitzak kantu bihurtu ahala, forma ematen joan gara entsegu lokalean. Urteak daramatzagu elkarrekin, eta beti hori izan da lan egiteko modua», azaldu Goietxek.

Musikari dagokionez, orain arte jorratu dituzten estiloetako kantuez osatuta dago Ardo, Goietxek azaldu duenez: «Popa, folka, eta, agian, disko honetan rock pixka bat gehiago nabarituko du entzuleak. Disko biluzia da, bi gitarra eta ahotsa; gero, konponketa txiki batzuk sartu ditugu, baina soila da diskoa». Soinu aldetik «sendoagoa» ere badela gaineratu du, «kantu batzuk rock aldera» bideratu dituztelako.

Diskoan hamabi kantu bildu dituzte, eta bat izan ezik —Sagar erdi bat, Gorka Erostarbek idatzia—, gainerakoek poemak dituzte oinarri. Morau: «Haietako bi moldaketarik gabe bihurtu ditugu ka­ntu, baina beste guztiek lana eskatu digute. Joko bat ere badago disko-liburuan. Kantuek erreferentzia egiten diete poemei, baina kantuan dagoena eta poeman dagoena ez da gauza bera».

Abenduan grabatu zuten diskoa, Peio Gorrotxategirekin, Azkarateko Mamia estudioan (Nafarroa). Hain zuzen ere, diskoaren oinarria Morauk eta Goietxek grabatu badute ere, Gorrotxategik berak, Raul Garciak eta Mattin Arbelaitzek ere jo dute kanturen batean edo bestean.

Mattinentzat ere «erronka oso ederra» izan da Ardo-rentzako ilustrazioak egitea. Gainera, azaldu duenez, proposamena egin ziotenean, ardo etiketen inguruko lanak egiten ari zen, eta, ondorioz, «erraz» egin du lan. «Saiatu naiz egiten ilustrazio batzuk poesia bera osatzen dutenak, edo umorea ematen diotenak». Han goiko ardoa kantuaren bideo-klipa ere egin du Mattinek, eta aitortu du lan horrek «buruhauste» handiagoak eman dizkiola.

Orain arte, formatu ezberdinetan aurkeztu dute proiektua: ardo dastaketa-kontzertu bat egin zuten, kantu poteo bat ere bai, eta baita erakusketa-kontzertu bat ere. Hurrengo data Gasteizko Parralen izango dute, ekainaren 7an.

Ardo botila bat­, disko-lburuaren osagarri
Ardo-rekin beste «kapritxo» bat ere bete dute Morauk eta Beñardok. Izan ere, Mattinek ilustratutako etiketa duen urteko ardo baten 200 botila atera dituzte, Candido Besa upategiarekin, hain zuzen ere. «Bidean hainbat lagun topatu ditugu, eta ezagutu dugu ardo kultura sanoago bat. Ardoa ez da bakarrik luxuzko produktu bat; bada mundua beste era batera ikusten duen jende baten ahaleginaren emaitza. Eta hori beren ardoetan sumatzen da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.