Kutsadura

Bertan behera utzi dituzte «ke toxikoarengatik» Lasarte-Orian emanak zituzten neurriak

Osasun agintariek adierazi dute jada ez dela beharrezkoa ateak eta leihoak ixtea eta etxetik atera gabe geratzea

arantxa iraola
2022ko maiatzaren 28a
15:54
Entzun

Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak gaur aditzera eman duenez, «oso toxikoa» da gaur goizaldean herrian izan den sutearen ondorioz inguruetan zabaldu den kea. Atzo 23:00 aldera piztu ziren garrak, Kale Nagusian abandonatuta dauden bi eraikinetan, eta itzali egin zituzten suhiltzaileek. Berpiztu egin zen sutea, ordea, berehala, eta berriz itzali behar izan zuten. Geroago heldu da leiho eta ateak ixteko ohartarazpena Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren partetik; inguruko bizilagunei esan diete, halaber, etxetik ez irteteko. Kale Nagusia itxi egin dute, eta soilik bertan bizi direnei utzi diete sartzen. Handik ordu gutxira, ordea, abisua heldu da; esan dute jada ez zegoela arriskurik eta emandako prebentzio neurriak bertan behera utzita daudela.

Udaltzainen arabera, uralitazko teilatu bat amildu eta erre da sutean, eta horren ondoriozkoa da kearen toxikotasuna, amiantoa baitu. Sutea zehazki Lasarte-Oriako Kale Nagusiko 54. zenbakian gertatu da. Udaltzainak jabetu dira han amiantoaren presentziaz, eta orduan Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko arduradunak jarri dituzte jakinaren gainean. Haien bidez heldu dira airearen kalitateaz arduratuta hartu diren neurriak.

Amiantoa erruz erabiltzen zen garai batean, eraikuntzarako eta. Haren ehunak airean aski arriskutsuak dira, osasun arazo larrien motiboa. Debekatuta dago gaur egun salerosketa, baina garai bateko eraikinetan-eta agertzen da zenbaitetan. Minbizi eragilea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.