TXIRRINDULARITZA

Kolpe erabakigarria eman du Hindleyk Giroan

Australiarrak lehertu egin du Carapaz Marmoladan, eta bihar Giroa irabaziko du ondobidean. Landa hurbildu egin da nagusiko bigarren postura. Etapa Covik irabazi du

Jai Hindley, maglia arrosarekin. GIRO DE ITALIA
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 28a
18:35
Entzun

Ezkutuan zebilen Jai Hindley (Bora). Maldan gora arin eta erraz zihoan, baina Giroa ia erasorik egin gabe ari zen igarotzen. Blockhausen esprintean irabazi zuen etapa, eta Aprican segundo batzuk harramazkatu zituen, gainsariei esker. Haatik, lasterketa apurtzeko benetako saiakera bat egitea falta zitzaion. Bada, Giro osoan zehar igorritako zantzuei zentzua eman die gaur, Marmoladan aurkariak txikitu, eta maglia arrosa bere eginda. Mikel Landari (Bahrain) 49 segundo atera dizkio, eta 1.28 Richard Carapazi (Ineos). Lehertu egin da ekuadortarra, lidertzari eutsi nahian. Hindleyk 1.25 ateratzen dio orain sailkapen nagusian. Australiarrak dena du alde 2020ko arantza atera eta Giroa lehen postuan bukatzeko. Landa bigarren koskara igotzen saiatuko da biharko erlojupekoan, 26 segundora hurbildu baitzaio Carapazi.

Eguneko beste garaile handia Alessandro Covi (UAE) izan da, hark jaso baititu besoak Marmoladako helmugan. Etapa ihesaldian erabaki da, seigarrenez jarraian. Italiarrak ondo merezitako garaipena lortu du, azken 53 kilometro bakarrik egin ostean. Hasieran, beste hamalau txirrindularirekin batera egin du ihes tropeletik, eta denak atzean utzi ditu Pordoin. Bukaeran asko hurbildu zaio Domen Novak (Bahrain), baina tinko iraun du Covik. Garaipena 32 segundora gelditu zaio Landaren eta Pello Bilbaoren taldekideari. Bost segundo geroago helmugaratu da Giulio Ciccone (Trek), hirugarren postuan.

Ikusmin handia zuen piztua gaurko etapak. Mendiko azken saioa zenez, faboritoak su batean aritzea espero zen, San Pellegrinotik bertatik hasita. Helmugatik oso urrun egonagatik, lasterketa puskatzeko moduko mendatea zen. Begirada guztiak Landarengan zeuden jarrita. Podiuma ia ziurtaturik izanda, arriskatzeko eta ausart jokatzeko aukera paregabea zeukan. Galtzeko gutxi zegoen, eta irabazteko asko. Tiraka jarri du taldea; ez, ordea, triskantza eragiteko asmoz. Onenek motel igo dute San Pellegrino, baita Pordoi ere. Horren erakusgarri bezala, ihesaldia aldea handituz joan da kilometroen joanean. Hala, Marmoladara ia sei minutuko abantailarekin iritsi da Covi. Iheskideak, berriz, ia bi minutu eta erdira zituen.

Jazarpenean Novak, Ciccone eta Thymen Arensman (DSM) aritu dira, baina bikain eutsi die. Zatirik gogorrena azken 5 kilometroetan zegoen, eta han beste estutu bat egin du Novakek. Tropelean, berriz, Ineosek lekukoa hartu dio Bahraini. Lasterketa erabakita uztea zen Carapazen intentzioa, baina oker jo dio kukuak. Lehenik, ezinean gelditu da Landa. Eta gero, Hindleyk gurpiletik atera du lasterketak liderra. Azken hiru kilometroak suziria bezala egin ditu australiarrak. Txinpartak atera dizkie pedalei. Carapazek, berriz, txakalaldia izan du, eta aurreratu egin du Landak. Pello Bilbaok (Bahrain) eutsi egin dio sailkapeneko bosgarren postuari, baina beste koska bat igotzeko ia aukerarik gabe gelditu da.

Oker handirik ezean, Giroko txapeldun bihurtuko da bihar Hindley, Veronan jokatuko den 17 kilometroko erlojupekoan. Laua da oro har, baina lau kilometroko koska bat du ibilbidearen erdian. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.