Italiako Giroa

Jai Hindleyk irabazi du Italiako Giroa

Lasterketa hori irabazi duen lehen australiarra bilakatu da. Richard Carapaz izan da bigarren, eta Mikel Landa hirugarren. Azken erlojupekoan Matteo Sobrero gailendu da.

Jai Hindley, liderraren elastikoarekin. MAURIZIO BRAMBATTI / EFE
2022ko maiatzaren 29a
17:50
Entzun

Jai Hindleyk Giroa lehertu zuen atzo Marmoladan, eta gaur arazorik gabe errematatu du egindako lana. Erlojupeko txukuna egin du txirrindulari australiarrak (hamabosgarren amaitu du), eta balio izan dio bere lehen Italiako Giroa poltsikoratzeko. Lasterketa hori irabazi duen lehen australiarra bilakatu da. Podiuma osatu dute erlojupeko saio ona egin duen Richard Carapazek eta Mikel Landak.

Etapa Matteo Sobrero italiarrak irabazi du; 23 segundo atera dizkio Thymen Arensmani, eta 40 Mathieu Van der Poeli. Hamazazpi kilometroko erlojupekoa jokatu dute Veronan.

Gaurko emaitzarekin, Landa da azken hogei urteetan itzuli handietan gizonezkoetan podiumera igo den euskal txirrindulari bakarra (hirugarren 2015. urteko Giroan eta aurtengoan). Aurretik, 2002ko Espainiako Vuelta irabazi zuen Aitor Gonzalezek, eta hirugarren izan zen Joseba Beloki. Urte hartako Frantziako Tourrean ere bigarren izan zen Beloki.

Hindley, bere aldetik, duela bi urte ere lider gisa iritsi zen azkeneko egunera, baina erlojupeko lehian gailendu egin zitzaion Tao Geoghegan britainiarra. Oraingoan, ordea, ez dio ihes egin garaipenak.

Gainontzeko mailotei dagokienez, Arnaud Demarek irabazi du erregularrenaren saria; Koen Bouwmanek mendikoa eta Juan Pedro Lopezek gazte onenarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.