Memoria

Hego Euskal Herria NATOn sartu zenetik 40 urte bete dira

Ekainaren 29an eta 30ean Aliantza Atlantikoaren goi bilera bat egingo dute Madrilen, eta Espainiako Gobernuak ekitaldi bat egin du urteurrena ospatzeko. 1986an egin zen erreferendumean, Hegoaldeko hiru biztanletik bik bozkatu zuten aliantzatik irtetearen alde. 

Felipe VI.a, Sanchez, Stoltenberg eta beste hainbat ordezkari politiko, gaur, Madrilen egin duten ekitaldian. BALLESTEROS / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 30a
13:22
Entzun

«NATOren parte izatea funtsezkoa da segurtasuna eta etorkizuna bermatzeko. Espainiak historiaren alde zuzena aukeratu du, bakea beldurrik gabe defendatzen duen aldea». Pedro Sanchez Espainiako presidenteak gaur esandako hitzak dira, Espainia eta ondorioz Hego Euskal Herria Aliantza Atlantikoan sartu zirenetik 40 urte igaro direla ospatzeko ekitaldian.

Han ez da izan Unidas Podemoseko ministrorik. Ekainaren 29an eta 30ean NATOren «goi bilera historiko bat» egingo dute Madrilen, eta UPk argi utzi du ekitaldi horren aurka dagoela, duen izaera militaristagatik eta eragingo dituen kostuengatik (37 milioi euro inguru). Gaurko ekitaldian izan dira, besteak beste, Felipe VI.a Espainiako erregea, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, eta Espainiako presidente ohiak: Felipe Gonzalez, Jose Maria Aznar, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy.

Sanchezen iritziz, «oparotasuna eta ongizatea bermatzen dituzten printzipioak defendatzeko itun militar bat» da NATO. Berretsi du defentsan diru gehiago inbertitzeko asmoa duela: «Espainiarrei esan nahi diet esfortzu hori egin behar dugula. Askoz handiagoa da askatasuna, demokrazia eta elkarbizitza baketsua kendu nahi dizkigutenean ezer ez egitearen kostua», azaldu du, Ukrainako Gerrari erreferentzia eginez.

Erabaki polemikoa

UPk argi utzi du NATOren aurkako jarrera, baina, egiari zor, gaur egun itunaren aurkako mugimenduak ez du garai batean izan zuen besteko indarrik, ez Espainian, ezta Hego Euskal Herrian ere.

Leopoldo Calvo-Soteloren gobernuak hartu zuen Espainia NATOn sartzeko erabakia, eta, hasieratik, jazarpen handia izan zuen erabaki hark. Herrialdeak bazituen lehentasun handiagoak une hartan, eta 36ko gerraren ostean sortutako mugimendu antimilitarista ere indartsu zegoen. Kongresuan, itunean sartzearen alde bozkatu zuten APk eta UCDk, baita EAJk eta Convergencia i Uniok ere (186 boto). Aurka, PSOEk eta PCEk (146 boto).

Urte hartan bertan irabazi zituen hauteskundeak PSOEk. Urte batzuk geroago iritsi zen, 1986an, NATOn jarraitzeari edo irteteari buruzko erreferenduma. Hego Euskal Herrian argiak izan ziren emaitzak: botoa eman zuten hiru herritarretik bik Aliantza Atlantikotik irtetearen alde egin zuten. Parte hartzea %65 izan zen; itunean jarraitzearen alde bozkatu zuten 436.000 lagunek, eta irtetearen alde 831.000k. Espainian, ordea, aliantzan jarraitzearen aldekoek irabazi zuten.

1982tik igaro diren 40 urteetan, NATOren 22 misiotan hartu du parte Espainiak: Jugoslavian,Kosovon, Libian, Afganistanen... denera, Espainiako armadako 117 soldadu eta bi itzultzaile hil dira haietan. Gaur egun ere 1.400 soldadu inguru dabiltza sei misiotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.