Gerra Ukrainan

EB eztabaidatzen ari da Errusiako itsasontzi bidezko petrolio inportazioa debekatzea

Hungariaren baiezkoa lortze aldera, Druzhba petroliobidetik iristen dena baimentzea aztertzen ari dira EBko buruzagiak.

Viktor Orban Hungariako lehen ministroa Kaja Kallas Estoniako lehen ministroa agurtzen, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 30a
17:30
Entzun

Errusiako petrolioaren enbargo partziala mahai gainean dute gaur Bruselan bildutako Europako Batasuneko buruzagiek. Asteburuan aritu dira estatu kideen ordezkariak petrolioaren enbargoari buruzko akordio bat ixten, gaur eta biharko goi bileran gobernuburuek ontzat har zezaten. Ez dago garbi hori lortuko ote duten.

Oztopo nagusia, azken hilabetean gertatu den legez, Hungaria da: bere petrolio beharren %100 betetzen ditu Errusiatik, Druzhba (adiskidetasuna errusieraz) petroliobidearen bitartez. Goi bileran gaia ez jorratzeko eskatu zuen joan den astean Viktor Orban Hungariako lehen ministroak, eta eragozpenak jartzen sartu da gaur goi bileran: «Ez, une honetan ez dago akordiorik, inondik ere».

Enbargoei buruzko erabakiak aho batez hartu behar direnez, Hungariaren betoa saihesteko bide baten bila aritu dira azken asteetan EBko negoziatzaileak. Horretarako aurkitu duten bidea izan da bereiztea itsasoz eta lurrez iristen den Errusiako petrolioaren artean. Akordiorako zirriborroak dioenez, itsaso bidezkoaren inportazioa 2023 hasieran etengo lukete, eta lurrekoa, berriz, aurrerago, bermatzerik dutenean Hungariak, Eslovakiak eta Txekiar Errepublikak badutela beste aukera bat eskura.

«Petroliobideak kanpoan uztea ez dago gaizki. Baina bermeak nahi ditugu, Hungariatik pasatzen den oliobidean istripu bat egongo balitz, Errusiako petrolioa beste modu batetik lortzeko modua izango dugula», azaldu du Orbanek.

Bi heren itsasoz

Azken urteetan Errusiako petrolioaren bi heren baino gehiago iritsi dira itsasontziz. Zehazki, iaz egunero 1,57 milioi upel iritsi ziren itsasontziz (%68,5), eta 0,75 milioi Druzhba bidez (%31,5).

Azken hilabeteetan, ordea, kopuru horiek pixka bat aldatu dira: apirilean, otsailean baino 500.000 upel gutxiago iritsi dira egunero itsasontziz, eta Druzhba bidez, berriz, 100.000 gehiago.Petrolio konpainia batzuek beren kabuz erabaki dute aurrerantzean Errusiako petrolio gehiago ez erostea, eta beste batzuek —haien artean hungariarrek— erosketak handitu dituzte, Errusiako petrolio merkeagoari etekina ateratzeko. Izan ere, Errusiako konpainiek gero eta arazo gehiago dituzte beren petrolioa saltzeko, eta merkeago eskaini behar izaten dute. Horrela, Brent upela 120 dolarren bueltan dago, baina Uralekoa (Errusiako petrolioa), 93 dolarrean.

Prezioen arteko desberdintasun horrek arazoak eragiten ditu. Itsasoko enbargoa ezarriz gero, petrolioa modu horretara inportatzen duten findegiek kostu handiagoak izango lituzkete Druzhba bidez hornitzen direnekin alderatuz gero.

Druzhbak egunean gehienez 750.000 upel garraia ditzake. Gaitasun hori guztiz baliatuz gero, eta gaur egungo prezioetan, Errusiak 2.000 milioi dolar lortuko lituzke.

Beste zigorrak

Errusiaren petrolio inportazioak geratzea ez da EBk esku artean duen neurri bakarra Vladimir Putinen gobernua zigortzeko Ukraina inbaditzeagatik. Petrolioari lotutako beste neurri bat ere badago: EBko aseguru etxeek debekatua izatea beste herrialdeetako enpresek erositako petrolio kargamentuei aseguruak egitea.

Hauek dira beste zigor batzuk: beste hiru bankuri debekatzea Swift bankuen artean nazioarteko mezularitza zerbitzua erabiltzea, haien artean handienari, Sberbanki; Errusiako herritarrei eta enpresei debekatzea edo zailtzea EBn jabetzak erostea; produktu kimiko batzuen salmenta galaraztea; EBn izan ditzaketen ondasunak izoztea hainbat pertsonari, besteak beste Kiril Errusiako Eliza Ortodoxoaren patriarkari, Alina Kabaeva Putinen ustezko bikotekideari, eta Ukrainako gerra krimenengatik salatutakoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.