Irlanda

Ipar Irlandako hiru gimnastari Commonwealtheko Jokoetan parte hartzea debekatu diete

Nazioarteko Gimnastika Federazioak hartu du erabakia, argudiatuta kirolari horiek aurrez Irlandarekin lehiatu izan direla nazioarteko lehiaketetan. Brandon Lewis Ipar Irlandako estatu idazkariak federazioari egotzi dio Ostiral Santuko Akordioa aintzat ez hartzea.

Rhys McClenaghan, 2018ko Europako Txapelketan, Glasgown. NEIL HALL / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 31
12:46
Entzun

Irlandan, azken egunetan, zeresan handia eman du Nazioarteko Gimnastika Federazioaren erabaki batek: Ipar Irlandako hiru gimnastari Commonwealtheko Jokoetan parte hartzea debekatu die, kirolari horiek aurrez Irlandarekin lehiatu izan direlako nazioarteko lehiaketetan.

Gaia politikarien agendaraino iritsi da, eta, besteak beste, Brandon Lewis Ipar Irlandako estatu idazkariak nazioarteko federazioari idatzi dio erabakia inpugnatzeko: «Erresuma Batuko Gobernuaren jarrera argia da. Kirolari horiek Ipar Irlandan jaio zirenez, eta Belfasteko Akordioak (Ostiral Santuko Akordioak) aintzat hartzen duen moduan, libre dira Ipar Irlandarekin edo Erresuma Batuarekin lehiatzeko». Haren arabera, federazioak eskaini dituen konponbideak ez dira bideragarriak, eta erabakia bertan behera uzteko eskatu dio.

Antzera mintzatu dira jokoen antolatzaileak; haiek ere federazioari egotzi diote Ostiral Santuko Akordioari jaramonik ez egitea. Itun horren arabera, Ipar Irlandako herritarrak irlandarrak, britainiarrak edo biak izan daitezke. Ipar Irlandako Legebiltzarrak ere atzo adostu zuen erabakia bertan behera uztea eskatzen zuen gutun bat.

Gatazkari irtenbidea emateko bi aukera proposatu ditu nazioarteko federazioak. Bata, hiru kirolariek nazionalitatea aldatzea euren kirol lizentzian. Bestea, antolatzaileek gimnastika lehiaketak jokoen egutegitik kanpo uztea. Deirdre Hargey Kirol ministroak urgentziazko bilera bat eskatu dio nazioarteko federazioari.

Debekua, gimnastikakoei soilik

Atletak Rhys McClenaghan, Eamon Montgomery eta Ewan McAteer dira. McClenaghan da hiruretan ospetsuena, hura izan baitzen 2018ko Commonwealtheko Jokoetan Ipar Irlandaren urrezko domina bakarra lortu zuen kirolaria. Azaldu duenez, erabakiaren ostean bere identitate pertsonala «oso leku zailean» dago, eta hainbat izan dira hiru gimnastei babesa erakutsi eta erabakiaren aurkako jarrera agertu duten kirolariak.

Izan ere, gimnastikako kirolariei soilik ezarri diete jokoetan aritzeko debekua: denera 90 kirolari inguru izango ditu Ipar Irlandako ordezkaritzak, eta hura osatzen duten hainbat atletak ordezkatzen dute Irlanda nazioarteko lehiaketetan.

Commonwealtheko Jokoak lau urtean behin egiten dituzte, eta kirol anitzeko munduko bigarren ekitaldi nagusia da, Olinpiar Jokoen atzetik. Haietan parte hartzen dute Nazioen Mankomunitatea osatzen duten 53 estatu independentek; kide guztiak, Mozambike eta Erresuma Batua bera izan ezik, britainiar inperioaren menpeko lurralde izandakoak dira. Haietan, Olinpiar Jokoetan ez bezala, banatuta parte hartzen dute Erresuma Batua osatzen duten lau nazioek: Eskoziak, Ingalaterrak, Ipar Irlandak eta Galesek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.