Euskara

Alejandro Toquero, Tuterako alkatea: «Txupinazoak, Iruñean; Tuteran, suziriak»

Udalbatzarrean eztabaida bat izan ondotik, udalaren webgunetik 'txupinazo' hitza ezabatu du Alejandro Toquero Tuterako alkateak. «Tuteran ez dago txupinazorik, suziriak baizik», esan du.

Santa Ana jaien hasiera, artxiboko irudi batean. TUTERAKO UDALA
Nagore Arin.
2022ko maiatzaren 31
13:20
Entzun

«Tuteran ez dago txupinazorik, suziriak baizik». Hitz horiekin erantzun zion atzo Alejandro Toquero Tuterako alkateak (Nafarroa) Alberto Lajusticia I-E Izquierda-Ezkerrako zinegotziari udalbatzarrean, Lajusticiak Tuterako Santa Ana jaietako lehen egunari «txupinazoaren eguna» deitu ondotik. Uztailaren 24tik 30era ospatzen dituzte Santa Ana jaiak herrian, eta lehen eguna txupinazo hitzarekin lotzeak asaldatu egin zuen Toquero –ustez euskal jatorria duelako–. «Txupinazoak, Iruñean; Tuteran, suziriak», nabarmendu zuen Navarra Sumako alkateak.

Txunditurik erantzun zion Lajusticiaren alderdikide Marius Gutierrez politikariak. Ez zuen ulertu Toqueroren asaldura; izan ere, haren hitzetan, Navarra Sumako alkateak ere erabili izan du txupinazo hitza Iruñetik kanpo botatzen diren suziriei buruz mintzatzean. 2015. urtean hark idatzitako testu bat jarri zion adibide gisa. Testu hartan, Fustiñanako jaiei buruz ari zen Toquero. «Ikurrinaren hedapena Fustiñanako txupinazoarena bezalako argazkiak sortzen ari da», zioen oharrean.

Testu horretan bakarrik ez: Tuterako Udalaren atarian ere irakurri ahal izan da txupinazo hitza behin baino gehiagotan; bai orain gutxi arte behintzat. Webgunearen Jaiak atalean, adibidez, hau jasotzen zen duela gutxi arte: «Tuterako zaindariaren jaiak Santa Anaren omenez ospatzen dira. Jaien astearen hasiera hilaren 24ko txupinazoak zehazten du». Orain, aldatu egin dute txupinazo hitza, eta suziri hitzarekin ordezkatu: «Uztailaren 24an, suziriak gorriz eta zuriz tindatzen du Tutera zazpi egunez».

Euskara gutxietsiz, beste behin

Ez da lehenengo aldia Alejandro Toquero Tuterako alkateak euskara gaitzesten duena. Atzera begiratu eta esan dituenetako zenbait adierazpen errepasatu besterik ez da egin behar horretaz jabetzeko. Iaz, adibidez, 2022an Euskal Telebistaren hirugarren katea Nafarroa osora zabaltzeko urratsen aurka egin zuen. Erriberan inoiz euskaraz hitz egin izana ukatu zuen Navarra Sumako alkateak El Mundo egunkariari eginiko adierazpen batzuetan. «Hemen ikus daiteke ETB3, baina ez du inork ikusten. Inork ez zuen eskatu ikusi ahal izatea, are gutxiago Erriberan. Hemen inork ez baitu hitz egiten euskaraz; ez da sekula egin», esan zuen.

Ikusi gehiago:Alejandro Toquero, Tuterako alkatea: «Hemen inork ez du hitz egiten euskaraz; ez da sekula egin»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.